Politika -
Erreakzioak
AVT: 'Otegik hitzontzikeria utzi, eta Justiziari lagundu behar dio'
Batasuneko bozeramaile ohiaren hitzei buruz, barkamen eskaera “zintzoa" izatea espero du Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak.
Erredakzioa
Angeles Pedraza (AVT) Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentea mesfidati azaldu da Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak egindako adierazpenen aurrean. Otegik barkamena eskatu die ETAko biktimei.
Pedrazaren aburuz, Otegik "hauteskundeetan bozak lortzeko hitzontzikeria bertan behera utzi, eta Justiziari lagundu behar dio". Pedrazak adierazi duenez, "ezker abertzaleko kideak ez dira duinak, eta bost axola zaie bozak lortzeko barkamena eskatzea, nahiz eta benetakoa ez izan".
Roberto Manrique
1987an ETAk Bartzelonako Hipercorren egindako atentatuan zauritutako Roberto Manrique "harrituta" azaldu da Otegiren adierazpenen aurrean. "Urriaren 20an ETAk zabaldutako su-etena aurrera eramateko beste urrats bat da". "Hitz hauek lehenago entzun behar izan genituen baina hobe berandu inoiz ez entzutea baino", nabarmendu du.
Dignidad y Justicia
Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidentearen esanetan, Otegik eskatutako barkamena "ezker abertzalearen eta ETAren barnean antolatutako estrategia bat da, existitzen ez den adiskidetze baten itxura emateko". "Otegik bi aurpegi ditu, eta gezurtia da", ondorioztatu du Porterok.
Eusko Jaurlaritza
Patxi Lopez lehendakariak "ongi etorria" eman dio Otegiren adierazpenari . Hala ere, 20 urte beranduago egin izana deitoratu du. "Zuzena den norabidean aurrera egitea da, eta hori da urte guzti hauetan eskatu duguna da", azpimarratu du.
EAJ
Patxi Lopez lehendakariak "ongietorria" eman die Otegiren adierazpenei. Hala ere, "20 urte berandu egin izana" deitoratu du. "Zuzena den norabidean aurrera egitea da, eta hori da urte hauetan guztietan eskatu duguna", azpimarratu du.
EH Bildu
Otegiren hitzen harira, Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, normalizazio politiko eta soziala lortzeko, aurrerapausoak ematen ari da ezker abertzalea. Hala ere, "gainontzekoak ezkutalekutik ari dira begiratzen, urrats gehiago emateko hitza eman dugunoi eskaerak egiten", deitoratu du Urizarrek.
UPyD
Gorka Maneiro UPyD alderdiko lehendakarigaiak "nahita mina eragin izana" leporatu dio Arnaldo Otegiri, "ETAren ibilbide kriminala zuritzen jarraitzen duelako". "ETA eta bere mundua hauteskunde kanpainan daude, euskal gizartea engainatu nahi dute eta haiek eragindako 800 hildakoak gure oroimenetik ezabatzea dute helburu", salatu du Maneirok.