Politika -

Uribetxebarria auzia

Alderdi gehienek 'errespetatu' egiten dute Uribetxebarria auziko epaia

Terrorismoaren biktimen elkarteek, baina, erabakia "kolpea" izan dela salatu dute.

Donostia Ospitalea. EITB
Donostia Ospitalea. EITB
Alderdiek 'errespetatu' egiten dute Uribetxebarria auziko epaia

04:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza

Patxi Lopez lehendakariak uste du Josu Uribetxebarria ETAKo presoari baldintzapeko askatasuna emateko "legea aplikatu" besterik ez dela egin, eta horrek agerian utzi duela Zuzenbidezko Estatua "terroristen gainetik" dagoela "moralki".

Lehendakariak Europa Forumek Bilbon antolatutako hitzaldian azaldu duenez, "estatu batek legea eta Zuzenbidezko Estatua aplikatu behar ditu, eta horixe besterik ez da egin". "Beraz, kitto", gaineratu du.

Gobernu zentrala

Jose Ignacio Wert Hezkunza ministroak Zuzenbide Estatuan "beti" konfiantza izatea eskatu die terrorismoaren biktimei, Uribetxebarriaren inguruko erabakia atsegin ez izan arren.

Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroaren esanetan, Gobernuak "onartu" egiten du epaia, baina ez du "batere" gustoko.

PP

Alfonso Alonso PPko bozeramailearen esanetan, Auzitegi Nazionalak Uribetxebarria "bizitzaren amaiera baldintzapean aske bizitzeko" baldintzak bete direla ebatzi du, gehiengo osoz, eta, beraz, PPk "epaia errespetatu" baino ezin du egin.

PSOE

Soraya Rodriguez PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak "errespetua" agertu du erabakiaren aurrean, eta Zuzenbide Estatua "hori" dela gaineratu du.

"PSOE koherentea da, Gobernuan zein oposizioan egon, eta terrorismoaren aurkako politikan Gobernuaren alde egon behar duela uste du", nabarmendu du.

Amaiur

Iker Urbina Amaiurreko diputatuak "logiko"tzat jo du erabakia, eta antzeko egoeran dauden beste 13 presoak ere aske uzteko eskatu dio Gobernuari.

Kongresuan, diputatu abertzaleak erabakia berandu heldu dela deitoratu du, baina, hala ere, "albiste ona" dela iritzi dio, "irizpide juridikoekin, medikoekin eta giza eskubideekin" bat baitator.

UPyD

Rosa Diez UPyDko bozeramaileak deitoratu egin du askatasuna eta demokrazia defendatzen dutenek "bataila bat galdu izana".

Gorka Maneiro legebiltzarkideak epaia "astakeria" dela kritikatu du, eta "ETAren aurrean amore eman izana" leporatu dio Gobernuari. "Uribetxebarriak ez du barkamena eskatu, ez da damutu eta ez du Justiziarekin kolaboratu", gogorarazi du.

Geroa Bai

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak goratu egin du erabakiaren "osasun demokratikoa".

Barkosek "ulertu" egiten ditu epaiaren aurka daudenak, baina legea "bete eta errespetatu" behar dela gogorarazi du.

EB

Uribetxebarriaren inguruko erabakia behin betikoa denez, auziak sortutako "ikuskizuna" bukatzea espero duela esan du Jose Navas EBko bozeramaileak.

Prentsaurrekoan, Auzitegi Nazionalaren erabakia "zuzenbidearen araberakoa" dela nabarmendu du, "biktimentzat mingarria bada ere".

AVT

Angeles Pedraza AVTko presidenteak albistea "kolpea" izan dela salatu du.

Halaber, Gobernuak eta PSOEk Zuzenbide Estatuari buruz egindako aipamenak "nazkagarriak" iruditzen zaizkiola erantsi du.

Covite

Cristian Matias Coviteko ordezkariak "terroristen presioen aurrean amore ematea" egotzi dio Gobernuari.

Horren esanetan, Uribetxebarria auzia ezker abertzaleak Gobernuaren aurrean egindako "pultsua" da, "eta irabazi egin du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea