Politika -
Uribetxebarria auzia
Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna eman izanaren erreakzioak
PPren Gobernuak errespetua erakutsi dio Auzitegi Nazionalaren erabakiari, eta ezker abertzaleak “berri ontzat” hartu du gaixo dagoen ETAko presoari baldintzapeko askatasuna ematea berretsi izana.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Gai Penaletarako Gelaren lehenengo sekzioak Josu Uribetxebarria gaixo dagoen ETAko presoari baldintzapeko askatasuna eman dio, Jose Luis Castro epailearen erabakia berretsiz. Honako hauek izan dira alderdien eta organizazioen erreakzioak:
PPren Gobernuak errespetua erakutsi dioGobernutik azaldu dutenez, eurek beti errespetatu izan dituzte epaileen eta auzitegien independentzia, baita erakunde jurisdikzionalen epaiak ere.
Auzitegi Nazionalak Josu Uribetxebarria baldintzapean aske uzteko erabakia hartu izana errespetatu egiten duela azaldu du PSOEk. Sozialistek nahiago izan dute iruzkinik ez egin.
Ezker abertzaleak "berri ontzat" jo du Josu Uribetxebarria baldintzapean aske uztea berretsi izana, "giza eskubideen urraketa latza" dakarrelako.
Halere, PPren Gobernua kritikatu du, hartu dituen erabakek presoa "muturreko egoerara" eraman dutelako.
Aralar pozik azaldu da Uribetxebarriak baldintzapeko askatasuna jaso duelako, eta "haitzulo ekonomiko eta politikoaren ordezkariek eta gisa horretako kazetariek" Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzatu ez izana azpimarratu du.
Aralarrek bere elkartasuna erakutsi nahi izan dio presoari, eta erabaki judizialak "bakea eta adiskidetzea egonkortzea" balio izateko nahia erakutsi du.
Jon Garay Herrira euskal presoen eskubideen aldeko plataformako bozeramailearen hitzetan, Auzitegi Nazionalaren erabakiarekin ''ez du inork irabazi''. 'Egoera muturrera eramanda, denok galdu dugu. Lezioa ikasi beharra dago, berriro gerta ez dadin'', nabarmendu du Garayk.
Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidenteak biktimentzako "bromatzat" eta "kolpe latzat" hartu du Auzitegi Nazionalak Josu Uribetxebarria gaixo dagoen ETAko presoari baldintzapeko askatasuna eman izana.