Politika -
Uribetxebarriaren askatasuna
Herrirak uste du ez duela inork irabazi, eta 'lezioa ikasi' behar dela
Auzitegi Nazionalak Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna berretsi ondoren, ''hemen ez dago irabazlerik'' esan du Jon Garay Herrira plataformako bozeramaileak
Erredakzioa
Asteazken honetan Auzitegi nazionalak Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna berretsi ondoren, erabakiarekin ''ez du inork irabazi'' esan du Jon Garay Herrira euskal presoen eskubideen aldeko plataformako bozeramaileak.
''Egoera muturrera eramanda denok galdu dugu. Lezioa ikasi behar da, berriz gerta ez dadin'', esan du Garayk erabaki horren berri jaso ondoren Donostia Ospitaleko inguruetan egin dituen adierazpenetan. Abuztuaren 1etik dago bertan Uribetxebarria.
''Ez zegoen beste aukerarik. Hala eskatzen zuen euskal gizartearen gehiengoak. Zentzuzkoena zen'', gaineratu du.
''Josuren askatasunak ez dakar inoren garaipena. Hilzorian dago; ez du inork irabazi. Bere familiak galdu egin du, pairatzen ari den egoeragatik; haren biziaren alde ari ginenok galdu egin dugu; giza eskubideek galdu egin dute; eta Espainiako Gobernuak ere galdu egin du'', azaldu du.
Garayren hitzetan, ''egoera ezin da berriz errepikatu'', eta, horren harian, kartzelan oso larri dauden ETAko 13 presoak askatzeko askatu du.