Politika -
Auzitegi Nazionala
Bost epailek erabakiko dute Uribetxebarria aske utzi ala ez
Azkenean ez du Auzitegi Nazionaleko osokoak hartuko erabakia, 18 epaileetako 8k soilik bozkatu baitzuten horren alde. Asteazken honetan hasiko da erabakia hartzeko bilera
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko lehenengo sekzioak, bost epailek osatzen dutenak, aztertuko du Fiskaltzak Josu Uribetxebarria minbiziak jota gaixo dagoen presoaren askatasunaren kontra aurkeztutako helegitea, epaitegietako iturriek jakitera eman dutenez.
Kontua da zigor aretoa osatzen duten 18 epaileetatik 8k soilik bozkatu zutela helegitea osokoan aztertzearen alde, eta legeak gehiengoa eskatzen du.
Hori dela eta, azkenean Fernando Grande-Marlaska aretoaren presidenteak eta Javier Martinez Lazaro, Ramon Saez Valcarcel, Nicolas Poveda Piña eta Alfonso Guevara epaileek erabakiko dute Uribetxebarria aske utzi ala ez. Erabakia hartzeko bilera bihar izango da, 17:00etan.
''Ez dago azkenetan''
Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko medikuak berretsi egin du Uribetxebarria ez dagoela ''azkenetan'', eta presoaren mediku txostenaren inguruko datu gehiago eskatu ditu, iturri judizialek jakitera eman dutenez. Hala jaso du Baenak gaur bertan zigor aretoko lehenengo sekziora igorri duen idatzian. Bertan, berretsi egin du Espetxe Zaintzako epaileari igorritako txostenean jasotakoa, eta presoaren osasun historiaren inguruko datu gehiago eskatu dizkio Donostiako Ospitaleko lantaldeari.
Auzitegiko medikuak arratsaldeko azken orduan jaso du Donostiako Ospitaletik igorri dioten presoaren azken osasun historia, eta, beraz, ''ahalik era arinen'' txosten berria prest izatea espero dute, iturri judizialek azaldu dutenez.
Uribetxebarriaren osasun egoera 'oso ahula' dela ohartarazi du Herrirak
Herrira presoen eskubideen aldeko plataformak ohartarazi du Josu Uribetxebarria minbiziak jota gaixorik dagoen presoaren osasun egoera "oso ahula" dela eta ezin duela "ohetik jaiki ere egin" eta "47 kilo" pisatzen duela.