Politika -
Eztabaida hautsita
Rajoyk Fernandez Diazen alde egin du Uribetxebarriaren kasuan
Gobernuko presidentearen arabera, "legea arduraz bete da eta epai judizialei errespetu osoa erakutsi zaie", "PPko Barne ministro guztiek" egin bezala.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren alde egin du, Josu Uribetxebarria ETAko presoari baldintzapeko askatasuna emateko erabakiaren harira, eta "PPko Barne ministro guztiek egin bezala legea arduraz bete da eta epai judizialei errespetu osoa erakutsi zaie", nabarmendu du. Halaber, PPk ez duela inoiz ez "bidezidorrik" hartu, ezta ETAren xantaiarik onartu ere azaldu du.
Gobernuaren Batzorde Nazionalean, besteak beste, honako hauek hartu dute parte: Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, Jaime Mayor Oreja Europako Parlamentuan PPko alderdiaren bozeramaileak eta Jose Manuel Garciak.
Fernandez Diazek Uribetxebarriaren auzian jarraitu den prozesuaren berri eman du bileran, eta legearekin bat eta epai judizialak kontuan hartuz jardun dutela nabarmendu du.
Uribetxebarriak baldintzapeko askatasuna jaso izana kritikatu du Mayor Orejak, baita Esperanza Aguirre Madrilgo erkidegoko presidenteak ere.
Cospedalek esan duenez, Gobernuaren Batzorde Nazionalean "inork ez du zalantzan jarri Gobernuak terrorismoaren kontra duen politika". Halere, Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna eman izanaren inguruan hainbat pertsonak euren iritziak plazaratu dituztela gaineratu du.
Rajoyk kanpaina egingo du, ‘ezkutatzeko arrazoirik' ez dagoelako
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Galiziako eta EAEko hauteskunde kanpainetan parte hartuko du, bere kudeaketak eta hartu dituen neurriek ez dutelako ezkutatu egin behar denik adierazten, "guztiz kontrakoa baizik", Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esan duenez.
"Erantzukizuna Gobernu honen oinarrizko balioetako bat da, eta PPk egunero erabiltzen du", adierazi du prentsaurrekoan Cospedalek. Halaber, Rajoy "beste guztiek nahi izan ez zutena" egiten ari dela azaldu du, eta herritarren aurrean erantzukizuna hartu duela.