Politika -
Ikasturte berriaren hasiera
Rajoyren agenda
Agenda bizia du Rajoyk aurretik, Espainiak Europar Batasunean "toki garrantzitsuagoa" hartzeko helburuarekin.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak astearte honetan hasiko ditu Europako buruzagiekin aurreikusita dituen bilerak zerga batasunaren inguruko proposamenaren defentsa sutsuarekin jarraitzeko asmoz, eta besteak beste, Angela Merkelekin eta Mario Montirekin bilduko da.
Lehen bilera astearte honetan bertan egingo du, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea hartuko baitu Moncloa jauregian. Abenduko goi-bileran zerga batasunaren inguruan eztabaidatzeko beharraz hitz egingo dio Gobernuko presidenteak.
Bi egun geroago, François Hollande Frantziako presidentea hartuko du Madrilen. Urrian, gainera, Frantzian egingo duten bi herrialdeen arteko goi-bileraren buru izango da Rajoy.
Iraileko lehen astean, hilaren 6an zehazki, Gobernuko buruzagiak Angela Merkel hartuko du Madrilen, bi herrialdeetako enpresaburuak elkarrekin bilduko direla eta. Bertara, Rajoyk Fernandez Toxo eta Candido Mendez Espainiako CCOOko eta UGTko idazkari nagusiak gonbidatu ditu.
Irailaren 11n, Jyrki Katainen Finlandiako lehen ministroarekin batzartuko da. Espainiari laguntza ekonomikoa emateko orduan errezeloa agertu du Finlandiak, izan ere, Espainiak euroaren egonkortasunerako arauak bete ez dituela argudiatu izan du.
Hurrengo egunean, Antoni Marti Andorrako Gobernuko burua hartuko du, eta Europar Batasunera hurbiltzeko asmoa aztertuko dute, baita bi herrialdeen arteko kooperazio ekonomikoa ere.
Hilaren 20an, Werner Hoyer Europako Inbertsioen Bankuko presidentearekin bilduko da Rajoy, eta ondoren, 21ean eta 22an, Zentroko Nazioarteko Demokraten buruzagien bileran parte hartuko du Erroman. Bertan, Mario Monti lehen ministroarekin biltzeko aukera izango du. Bi buruzagiak jada abuztuaren 2an batzartu ziren Madrilen eta urteko azken hiruhilekoan Espainiaren eta Italiaren arteko goi-bileran ikusiko dute berriro elkar.
New Yorkerako bidaia bat da presidenteak nazioartean aurreikusita duen azken ekitaldia. 24an eta 26an egingo du, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian parte hartzeko.