Politika -

ETAko presoak

Gaixorik dauden 14 preso askatzearen aldeko ibilaldi bat antolatu dute

Ibilaldia lau etapatan banatuko da: Donostiako Ospitalea-Zarautz; Zarautz-Deba; Deba-Soraluze eta Soraluze-Arrasate.

Josu Uribetxebarria presoa. Argazkia: Efe
Josu Uribetxebarria presoa. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal gizarteko arlo ezberdinetako hamalau pertsona ospetsuk Josu Uribetxebarria presoaren eta beste hamahiru preso gaixoren berehalako askatasunaren aldeko lau eguneko ibilaldi bat antolatu dute. Lau egunetan zehar Donostiako Ospitaletik Uribetxebarriaren jaioterria den Arrasatera arteko distantzia osatuko dute.

Andoni Egaña bertsolaria, Martxelo Otamendi kazetaria, Ramon Labayen Donostiako alkate ohia eta Nekane Altzelai EAko parlamentari ohia dira ibilaldiari babesa eman dioten pertsonetako batzuk. Asteazkenean ekingo diote ibilbideari Donostiako Ospitaletik, eta larunbatean Arrasatera heltzea dute helburu.

Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia eta Naroa Iturri kazetaria izan dira gaur Donostian eginiko prentsaurrekoan ekimena azaltzeko arduradunak. Herritar guztiei zabaldutako iniziatiba goizeko hamaiketan hasi eta arratsaldeko zazpiak arte iraungo duten lau etapatan banatuko da, eta gaixotasun larriak dituzten ETAko hamalau presoren askatasuna eskatzeko erabiliko dute.

"Gaur egungo kartzela-politika oztopo bat da garai berri baten eraikuntzan", dio testuak.

Donostiatik Arrasatera arte

Zentzu horretan, Josu Uribetxebarriaren kasua "atzerapaus bat" dela uste dute, gaixorik dauden hamalau presoak askatzea "derrigorrezkoa" dela ikusten duten bitartean. Horren harira, "normalizazioan eta bakegintzan aurrerapausoak egiteko kartzela-politika aldatzea beharrezkotzat" jo dute.

Ibilaldia lau etapatan banatuko da: Donostiako Ospitalea-Zarautz; Zarautz-Deba; Deba-Soraluze eta Soraluze-Arrasate.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea