Politika -
15 egun gose greban
Josu Uribetxebarriak bertan behera utzi du gose greba
ETAko presoak "oso ahul" dagoelako eta bere bizitzari "lehentasuna" eman nahi diolako hartu du erabakia. Otegik eta Pakitok ere gose greba utzi dute.
Erredakzioa
Josu Uribetxebarria ETAko presoak bertan behera utzi du duela 15 egun abiatutako gose greba, Herrira mugimenduak jakinarazi duenez.
Presoak minbizi sendaezina du, eta aske uztea eskatzeko ekin zion gose grebari.
Jon Garai Herrirako bozeramaileak azaldu duenez, erabakia Uribetxebarriak berak hartu du, "oso ahul" dagoelako eta bere bizitzari "lehentasuna" eman nahi diolako.
"Erabaki pertsonala izan da; medikuek hasiera-hasieratik esan zioten ez dela komenigarria gose greba egitea, haren osasun egoera ikusita", gaineratu du.
Garairen esanetan, "euskal gizarteak ez du gatazka politikoak heriotza gehiagorik eragitea nahi, tragedia litzatekeelako".
Halaber, Uribetxebarria aske uztea eskatu du, eta "gose grebaren lekukoa hartzeko" dei egin die herritarrei. Horren ildotik, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak aske uztea eskatzeko ostegun honetan abiatuko den "mobilizazio-sorta irmoan" parte hartzea eskatu du.
Prentsaurrekoaren ostean, Herrirako ordezkariek elkarretaratzea egin dute berriz Donostia Ospitalearen aurrean. Oraingoan, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatua, Uribetxebarriaren anaia eta Bilboko konpartsetako, Gasteizko Blusen eta Nesken koadriletako, Iruñeko peñetako eta Donostiako Piratak kolektiboko kideak ere izan dira bertan.
Ostiralean, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak hirugarren gradua ezarri zion. Halabeharrezko urratsa da Espetxeratuen Zaintzako epaileak baldintzapean aske uzteko.
Presoa Ortega Lara bahitzeagatik dago espetxean, eta hilabete hasieran Leongo espetxetik Donostia Ospitalera eraman zuten, minbiziaren aurkako tratamendua jasotzeko.
''Medikuaren aginduz'', erorketa baten ondoren
Donostia Ospitaleko gelan erori ondoren, mediku taldearen aholkuei jarraituz hartu du gose greba bertan behera uzteko erabakia Uribetxebarriak, erietxetik Efe agentziari baieztatu diotenez.
Informazio horien arabera, erorialdia izan du gaur goizean ETAko presoak, eta, bere osasun egoera kontuan hartuta, gose greba bertan behera utzi behar zuela berretsi diote medikuek.
35 presok utzi dute gose greba, tartean Otegik eta Pakito-k Guztira, ETAko 35 presok utzi dute gose-greba, tartean Arnaldo Otegik eta Francisco Mugica Garmendia Pakito-k.
Batasuneko bozeramaile ohiak hilaren 12an ekin zion grebari, Uribetxebarriaren askatasunaren alde.
Pakitok, berriz, lau egun geroago ekin zion gose grebari.
Etxerak ETAko presoen aldeko taldeak azaldu duenez, ETAko 558 preso daude "borrokan" Espainiako eta Frantziako 71 kartzelatan Josu Uribetxebarriari babesa emanez.
Halaber, Auzitegi Nazionaleko medikua, Uribetxebarriaren egoeraren berri eman behar duena, Javier Zaragoza fiskalarekin bildu da, gaixo dagoen presoaren inguruko azken txostena amaitzen ari den bitartean.
Herrirak gose grebari eutsiko dio
Herrira taldeko 12 kidek Donostia Ospitaleko kanpoaldean abiatutako gose grebarekin aurrera egingo dutela iragarri du ETAko presoen aldeko plataformak.