Politika -

Hauteskundeen aurrerapena

Lehendakariak baztertu egin du Bildurekin hauteskunde itunik egitea

Patxi Lopezek ez du argitu EAJrekin akordiorik sinatzeko prest dagoen, eta boto-emaileen erabakia ezagutu eta gero hitz egingo duela esan du.

Patxi Lopez lehendakaria, hauteskundeen aurrerapena iragarri zuen agerraldian. Argazkia: EFE
Patxi Lopez lehendakaria. Argazkia: EFE
Lopez: Euskadiko hauteskunde giroak "akordio handiak" lortzea galarazten zuen

01:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak baztertu egin du hauteskundeen ostean Bildurekin itunik egitea. Izan ere, horren esanetan, PSE-EEren eta ezker abertzalearen artean "alde izugarria" dago "gai etikoetan eta demokratikoetan".

Halaber, ez du argitu EAJrekin hauteskunde itunik egingo duen, eta boto-emaileen erabakia ezagutu eta gero hitz egingo duela gaineratu du.

Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean, Gasteizko gobernuburuak amore eman izana ukatu du, eta EAJ, PP eta Bildu murgilduta zeuden "hauteskunde giroa"ren ondorioz akordioak lortzea ezinezkoa zela azaldu du. Horren ildotik, hauteskundeak aurreratu izanak krisi ekonomikoarekin zerikusirik ez duela nabarmendu du.

Lehendakariak gogorarazi duenez, urriaren 21eko hauteskundeak lehenengoak izango dira ETAren indarkeria behin betiko bukatu denetik, eta hori "Euskadiren historiako albiste onena eta inbertsio handiena da".

Hauteskundeak aurreratzeko erabakia "udako oporretan" hartu badu ere, "lehenagotik" pentsatzen hasi zela adierazi du.

Legegintzaldi hasieran PPrekin sinatutako gobernu akordioari dagokionez, lehendakariak "logiko"tzat jo du hautsi izana, Jaurlaritzak eta Mariano Rajoyren Gobernuak abiatutako neurriak "ezberdinak" baitira.

Nolanahi ere, Gasteizko Gobernuak onartutako neurriak PSE-EEren eta PPren arteko itunarekin bat datozela argudiatu du, besteak beste, zerbitzu publikoak eta autogobernua bermatzea hitzartu baitzuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea