Politika -
Gobernu zentralaren plana
Aresek babestu egin du ETAtik aldentzen diren iheslariak itzultzea
Herrizaingo sailburuak nabarmendu du ihes egin zuten ETAko kideek "joko-arauak errespetatu" egin beharko dutela, itzuli nahi badute.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak defendatu egin du ihes egin duten ETAko kideak itzuli ahal izatea, betiere erakunde terroristatik aldentzeko eta "joko-arauak errespetatuta" birgizarteratzeko borondate argia erakusten badute.
Agiri batean, Aresek hizpide hartu du ETAtik aldentzen diren iheslariak itzultzeko helburuz Barne Ministerioa aztertzen ari den plana.
Hori horrela, sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak "luze" daramala indarkeriatik aldentzen diren eta auzi irekiak ez dituzten ETAko kideak itzultzeko plan bat prestatzen, "baina argi utzita ETAtik aldentzea eta birgizarteratzea ezinbesteko baldintzak direla".
"Hau ibili beharreko bide bat da, eta indarkeriatik aldendu eta gero birgizarteratu nahi direnen esku dago", berretsi du.
Terrorismoaren biktimen hainbat elkarte planaren aurka agertu direla eta, Aresek esan du "errespetatu" egiten duela haien iritzia, baina terroristak birgizarteratzea "demokraziaren handitasuna"ren erakusle dela adierazi du.