Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Uribetxebarriaren kasuaren 'erabilera politikoa' kritikatu du Aresek
Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, presoa askatzen badute, ezker abertzaleak "garaipen gisa" aurkeztuko du auzia, eta bestela, "biktimismora" joko du.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak uste du Josu Uribetxebarria (Donostiako ospitalean, minbiziak jota, gose greban dagoen presoa) aska egin dezaketela, eta gogor kritikatu du ezker abertzalea, hori gertatzen bada "garaipen gisa" aurkeztuko duelako auzia.
Aresek Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, ziur dago legea beteko dutela presoaren kasuan.
Gainera, Aresek uste du, Uribetxebarria askatu ala ez, ezker abertzaleak "erabilera politikoa" eman nahiko diola kasuari, askatzen badute "garaipen gisa" aurkezteko, eta bestela, "biktimismora" jotzeko.
Askatu egingo dute
Dena dela, Aresek azaldu duenez, presoak gaixotasun larria duela baieztatzen bada, "legea aplikatu behar da" eta Uribetxebarria askatu.
Izan ere, Zuzenbidezko estatuak "legearen arabera" funtzionatzen duela azpimarratu du.