Politika -

Donostiako Ospitalea

Osakidetzak ostegunerako izango du Uribetxeberriari buruzko txostena

Mariano Rajoyk presoei esan die 'zentzugabea' dela Gobernuari 'xantaia' egin nahi izatea. Arartekoak ETAko presoa askatzea eskatu du. Izan ere, minbizi sendaezina du, eta Donostia Ospitalean dago.

Protesta, Donostiako Ospitale atarian. Argazkia: EITB
Protesta, Donostiako Ospitale atarian.
Josu Uribetxebarriaren mediku-txostena ostegunerako izango da prest

01:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herrira plataformak Josu Uribetxeberria gaixotasun larria duen ETAko presoaren egoera egunetik egunera "krudelagoa" dela salatu du. Uribetxeberriak gibeleko minbizi sendaezina du eta Donostiako ospitalean dago ingresatuta, Leongo presondegitik hara eraman zutelako, eta sei egun daramatza gose greban bere eta bere antzeko egoeran dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko.

Herrirako dozenaka kide eta herritar bildu dira aipatu ospitalearen atarian Uribetxeberriaren askatasuna exijitzeko. 11:30ean hasitako mobilizazioan Josetxo Ibazeta Donostiako Udaleko Alkatetza idazkari ohiak eta Jesus Uzkudun CCOO-Euskadiren Lan Osasun idazkari ohiak parte hartu dute, besteak beste.

Jon Garay Herriraren bozeramaileak, gose greban dagoenak, esan duenez, "gaixotasun larriak dituzten 14 preso kartzelan mantentzeak, behar duten arreta jaso gabe, eta legeak dioena bera ere bete gabe, eragin du egoera hau".

Era berean, Uribetxeberria "gaixotasunari aurre egiteko arretarik gabe" edukitzeak "heriotzara" eramango duela eta, "pilota Rajoyren Gobernuaren teilatuan" dagoela azpimarratu du.

"Azken egunotako krudeltasunak protesta olatu handia altxatu du kartzeletan eta kalean", iritzi dio Garayk.

Gaur arratsaldean Elizako ordezkariekin bilduko dira Herrirako kideak Uribetxeberriari babesa agertzeko "ekimenak" adosteko.

Rajoyk presoei esan die "zentzugabea" dela Gobernuari "xantaia" egin nahi izatea

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak esan du "zentzugabea" dela ETAko presoek Gobernuari "xantaia" egin nahi izatea eta Legea beteko dela nabarmendu du Josu Uribetxebarriaren kasuan.

Gose-greba honi ETAko 225 kide batu zaizkie Espainiako kartzeletan eta Frantziakoetan ere hainbat pertsona batu dira. Halere, Gobernuaren arabera, ez zaio pasatzen utzi behar "xantaiatzat" hartzen duenari.

Ezker abertzaleak EAJren ixiltasuna salatu du Uribetxeberriaren kasuan

Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozermaileak EAJren isiltasuna salatu du Josu Uribetxeberria ETAko presoaren kasuan.

Ugarteburuk azaldu duenez, pertsona askok eskatu dute Uribetxeberria aske uztea, eta Urkulluren EAJk gordetzen duen isiltasuna "ozena" da. "Politikoki oso argia da", nabarmendu du.

Pertsona bat atxilotu dute Iruñean

Espainiako Poliziak pertsona bat atxilotu du Iruñean Uribetxeberriaren askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazio batean. Protestan parte hartu duten beste herritar batzuk ere identifikatu dituzte eta pankartak kentzera behartu, protesta legez kanpokoa zela argudiatuta.

Mediku-txostena, ostegunean

Jesus Maria Fernandez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak azaldu duenez, Osakidetzak ziurrenik ostegunerako izango du Josu Uribetxeberria minbiziak jota Donostiako ospitalean dagoen presoaren mediku-txostena.

Presoak duen minbiziaren egoera zein zen jakiteko frogak atzo egin zituztela jakinarazi du Fernandezek, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

"Datorren ostegunerako gaixotasunaren balorazio zehatzagoa espero dugu, eta hortik aurrera bakoitzak bere gain hartu beharko ditu ardurak: kartzelako Administrazioak erabakia hartu beharko du eta Osakidetzak presoa artatzen jarraitu beharko du ahal bezain ondoen", adierazi du Fernandezek.

Sailburuordearentzat presoak gose greba bertan behera uztea da "garrantzitsuena gaixotasunari aurre egiteko".

Sailburuordeak argi adierazi du printzipioz ez dela mediku txostenaren emaitzen berri komunikabideetan emango, konfidentzialtasunagatik, eta sekretu profesionala eta familia errespetatzeko.

Kartzela zaintzako epaile nagusia

Bestalde, Angel Yuste kartzela zuzendaritzako idazkari nagusiak argitu du presoa askatu ala ez erabakitzea kartzela zaintzako epaile nagusiari dagokiola.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, presoa kartzelatik ateratzen badute, Legeak hori agintzen duelako izango da, ez "gose greben eta mehatxuen aurrean etsi dutelako". Gainera, gose grebarekin bat egin duten preso askok "ETAk inposatuta" egin dutela salatu du.

Arartekoak Uribetxeberria askatzea eskatu du

Iñigo Lamarka Arartekoak Uribetxeberriari baldintzapeko askatasuna emateko izapideak "ahalik eta azkarrenen" egiteko eskatu dio Auzitegi Nazionaleko Kartzela Zaintzako epaileari.

Lamarkak adierazpen instituzionala argitaratu du gaur euskal presoen inguruan, gaixotasun larriak dituztenen inguruan bereziki. Arartekoa Uribetxeberriaren sendiarekin eta Etxeraten ordezkariekin bildu zen aurreko ostiralean.

Arartekoaren esanetan, "zantzu guztien arabera" Uribetxebarriaren kasuan legeak "behin behineko askatasuna emateko jartzen dituen baldintza guztiak betetzen dira", izan ere, "gaixotasunagatik edo adinagatik presoaren hiltzeko arriskua nabaria bada" presoa kartzelatik atera behar dela dio legeak, Lamarkak gogora ekarri duenez.

Uribetxeberriaren askatasuna eskatzeaz gain, Arartekoak "gaixotasun larriak dituzten ETAko beste presoen egoera" aztertzea eskatu du, "legea betetzeko".

Uribetxeberria, egonkor

Josu Uribetxeberria egonkor dago Donostiako ospitaletik jakitera eman dutenez. Presoak 6. gose greba eguna du gaur. Atzo hainbat mediku-froga egin zizkioten bere osasun egoera zehatza zein den jakiteko eta gaur emaitzen berri eman dezakete.

Bien bitartean, gaur hasita, egunero bilkurak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Herrira plataformak deituta. 12:00etan izango dira kontzentrazioak, Donostian izan ezik, han 11:00etan izango da protesta-ekitaldia.

Gaurko osasun agiriaren zain, atzo Donostiako ospitaleak jakinarazi zuen Uribeetxeberriaren osasun egoera ez dela aldatu. Atzo goizean gaixotasunaren larritasuna diagnostikatzeko osasunproba (TAC bidezko biopsia) egin zioten. Espainiako Gobernuak esana du proben emaitzen arabera erabakiko duela Arrasateko presoa aske utzi ala ez, baina Herrirak dio lehendik behar zuela aske Josu Uribeetxeberriak.

Ertzaintzaren kontrako salaketa

Bestalde, presoaren senideek ertzaintzaren aurkako salaketa jarri zuten Epaitegian. Larunbat gauean Uribeetxeberria iraindu eta probokatu zutela salatu dute eta ez ziotela lo egiten utzi. Salaketa publikoaren ondorioz, Ertzaintzaren jokaera aldatu egin dela argitu dute, Herrirako kideek.

Dagoeneko plataformako 10 kide dira gose greban ospitale atarian eta protestak aurrera jarraituko du hurrengo egunetan, elizako, erakundeetako eta sindikatuetako ordezkarien babesarekin.

503 preso "borrokaldian"

Etxerat elkarteak dio 503 preso inguru ari direla Iosu Uribetxeberriari elkartasuna adierazteko hainbat protesta ekintza egiten, eta horietako gehienak gose grebari ekin diotela jakinarazi du.

Barne Ministerioaren arabera, berriz, une honetan 108 dira Espainiako kartzeletan gose greba egiten ari diren presoak, eta beste 51 gehituko omen dira ondorengo orduotan. Angel Yuste Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak adierazi du "presio bide" horrek ez duela eraginik izango Gobernuarengan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea