Politika -
Uribetxebarria bezala
Arnaldo Otegik bat egin du ETAko presoen gose-grebarekin
Twitterren bidez iragarri du: "Iosurekin elkartasuna adierazteko, mugarik gabeko gose-greba hasiko dugu Logroñoko espetxean". Espetxeetako agintaritzak Otegiren gose-greba konfirmatu du.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak ETAko presoek hasitako gose-grebarekin bat egingo duela iragarri du Twitterren. Erabaki horrekin, Otegik elkartasuna agertu nahi dio Iosu Uribetxebarria presoari. Uribetxebarria Donostia Ospitalean da, giltzurruneko minbiziak eta buruko metastasiak jota.
Twitterren ondorengo hitzak jarri ditu: "Iosurekin elkartasuna adierazteko, mugarik gabeko gose-greba hasiko dugu Logroñoko espetxean". Otegi Logroñoko espetxean da Batasuna berriro martxan jartzeagatik jarritako zigorra betetzen.
Etxeraten arabera, 230 preso inguru "borrokan" daude Iosu Uribetxebarriaren egoera salatu eta askatzea eskatzeko.
Baieztatuta
Espetxeetako agintaritzak konfirmatu egin du Arnaldo Otegik eta Logroñoko kartzelako beste bost presok gose-greba hasi eta horretarako beharrezko idatziak bete dituztela.
Zabaldutako informazioaren arabera, Otegik eta bost presoek normal gosaldu dute eta bazkaltzeko orduan gose-greba hasiko zutela egiaztatzen zuten agiriak entregatu dituzte.
Mugagabeko grebak
Greban dauden presoen gehiengoa mugagabeko greba egiten ari da, Uribetxebarriaren eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko presoen egoera salatzeko.
Bestelako ekintzak ere egiten ari dira: itxialdiak, kartzelako janaria jateari uko egin, elkarretaratzeak, Ministeriora gutunak bidali, etab.