Politika -
Donostian
Manifestazio jendetsua egin dute, Iosu Uribetxebarria askatzeko
Herriraren ustez, Uribetxebarriaren egoerak "ezin du minutu bat gehiago ere iraun" eta "askatu egin behar dute". Hori lortzeko "ekimenekin jarraitzeko" deia egin dute.
Erredakzioa
Milaka pertsona bildu dira Donostian Herrirak ETAko presoen alde deitutako manifestazioan. Protesta 17:30ean hasi dute, "Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira" lelopean.
Manifestazioa Saguesetik atera da, eta "Iosu askatu" oihuak eginez hasi dute. Iosu Uribetxebarria Donostia Ospitalean da, giltzurrunetako minbiziak jota eta buruan metastasia duela.
Donostiako kaleetan izan dira Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Pernando Barrena eta Joseba Alvarez, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Adolfo Muñoz, ELAkoa, Iñaki Ostolaza Gipuzkoako EAko koordinatzailea eta Iñigo Iruin abokatua, besteak beste.
Giza eskubideen urraketa
Manifestazioa bukatuta, Herrirak "giza eskubideen urraketa izugarri eta etengabekoa" salatu du, "konponbidean aurrera egin eta bake-eszenarioa lortzea oztopatzen duelako". Halaber, Iosu Uribetxebarria presoaren egoera "kezkagarria" azpimarratu du, eta gobernuek "aurrerapausorik eman ez eta salbuespenezko legeei eta neurriei eusten dietela" salatu du.
Horrez gain, "premiazko hiru pauso" ematea eskatu dute: "sakabanatzearekin amaitu, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak askatu eta Paront doktrina iluna indargabetzeko".
Gose greba
Manifestazioa hasi baino lehen, Herrirako Beñat Zarrabeitiak "kartzeletan hasitako gose-greba" azpimarratu du. "Gero eta preso gehiago ari dira bat egiten, gaur bertan lau gehiagok hasi dute eta bihar beste bik".
Zarrabeitiaren iritziz, Uribetxebarriaren egoerak "ezin du minutu bat gehiago ere iraun" eta "askatu egin behar dute". Hori lortzeko "ekimenekin jarraitzeko" deia egin dute.