Politika -

Espetxe-politika

Fernandez Diaz:'Gose-grebak ez du eragina izango Estatuaren erabakian'

Barne ministroak esan du Iosu Uribetxebarria presoaren kasuan Estatuak "legea beteko" duela.

Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE
Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ostiral honetan azaldu duenez, gaixo dagoen Iosu Uribetxebarria presoaren kasuan, Estatuak "legea beteko du; ETAko preso batzuk gose-greban jartzeak ez du garrantzirik izango erabakian".

Fiteron (Nafarroa) liburu bat aurkeztu baino lehen kazetariei adierazpen hauek egin dizkie ministroak. "Oso oker dabiltza Gobernuan eragina izango duela pentsatzen badute", esan du preso talde batek hasitako grebaren inguruan Uribetxebarria aske uztea eskatuz.

 "Uribetxebarria aske geratzea edo ez legeek ezartzen dituen egoeren araberakoa izango da", besteak beste, diagnostiko kliniko bat egotea, sendatu ezin den gaixotasun bat duela dioena. "Horretarako presoa Leongo kartzelatik Zaballara eraman zuten, Donostiako Ospitalean duen minbizia aztertu ziezaioten", gaineratu du.

"Hori izan da kartzela batetik bestera pasatzeko arrazoia. Mediku-probak ez egiteko bere jarrera behin amaituta, orain probak egingo zaizkio eta diagnostikoak dioena entzungo dugu. Hori izan bezain laster, legeak dioena beteko dugu", esan du Fernandez Diazek.

Uribetxebarria laster aske geratzea espero du Garitanok

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu duenez, Iosu Uribetxebarria presoa medikuek ezarritako medikazioa hartzen ari da, jasaten ari den minbizia tratatzeko, baina kartzelatik irtetea eskatzeko gose-greban jarraitzen du.

Garitanok informazio hori jakinarazi die kazetariei Donostia ospitalean Uribetxebarriari bisita egin ostean. Abuztuaren 1etik ospitalean dago presoa.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak presoa "oso ahul eta argal" ikusi duela azaldu du, eta, esan duenez, "gizatasun osoz ari zaio aurre egiten gaixotasun honi".

Ahaldun nagusia ordubete baino gehiagoz izan da Donostiako Ospitalean, eta bere eskaera egin du berriro, "euskal herritar gehienen moduan", 92 lege dekretua ezartzea, "presoa Arrasatera aske itzultzeko bere gaixotasunari aurre egiteko".

Uribetxebarriak behar dituen probak egingo ditu

Iosu Uribetxebarriak minbizia artatzeko behar dituen probak egingo ditu, Etxeratek eta Uribetxebarriaren senideek aditzera emandakoaren arabera.

Adierazpenhorren bitartez, Ministerioak ostegunean egindako salaketari erantzundio ETAko presoen familien elkarteak. Ministerioaren arabera, Uribetxebarria probak egiteko "zailtasunak" jartzen ari zen Donostia Ospitalera eraman zutenetik.

Azken osasun-partearen arabera, Uribetxebarriaren egoera "egonkorra" da, eta proba gehiago egitearen zain dago. Hurrengo partea astelehen eguerdian emango dute.

Espetxeetako agintaritza proben emaitzen zain izango da, "emaitzak ikusi eta aztertu ondoren, legearekin bat datozen erabakiak hartzeko".

Eztabaida, grebalarien inguruan

Uribetxebarriaren gose-grebarekin bat egin duten preso kopuruari dagokionez, eztabaida sortu da Barne Ministerioaren eta Etxeraten artean.

Ministerioak 13 preso aipatzen ditu, izan ere, goiza arte 13k bakarrik bete dute bere erabakiaren berri emateko derrigorrezko idatzia. 13 horietako inork ez du gosaria hartu nahi izan eta ez du ekonomatoan jatekorik erosi.

Etxeratek, berriz, 35 presok Uribetxebarriaren gose-grebarekin bat egin dutela aditzera eman zuen ostegun arratsaldean. Erabaki horrekin Uribetxebarriari eta gaixotasun larriak ditzuten gainontzeko presoekin elkartasuna agertu nahi dute.

Etxeraten informazioaren arabera, presoak gose-greba hasi duten presoak lau espetxetan banatuta daude, bi Espainian (Sevilla eta Castello) eta beste bi Frantzian. Baina espetxeetako arduradunen esanetan, ez dute erabakiaren berri ofizialik jaso.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea