Politika -
Etxeratek iragarri du
Uribetxebarriaren gose-grebarekin bat egin dute 35 presok
Herrirako eta Etxerateko ordezkariak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Iñigo Lamarca Arartekoarekin bilduko dira gaur.
Erredakzioa
ETAko 35 presok bat egin dute Iosu Uribetxebarriak abiatutako gose-grebarekin, Etxeratek prentsa ohar batean jakinarazi duenez. Uribetxebarriak minbizia du eta Donostia Ospitalean dago.
Uribetxebarriak duela hiru egun hasi zuen gose-greba, bera eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko presoak berehala askatzeko eskatzeko.
Ekintza honen bidez, Arrasateko presoak Espainiako Gobernuak bere egoeraren aurrean "pauso bat bera ere ez" duela eman salatu nahi du, eta azken orduetan izandako arazo batzuen ostean, berarentzat eta bere familiarrentzat “tratu duina” eskatu du.
Gose-grebarekin bat egin duten presoak lau kartzelatan daude: Villefranche sur Sâone eta Fresnes Frantzian, eta Sevilla II eta Castello II Espainian.
Bilduko zinegotzi batek gaur hasiko du gose-greba
Bestalde, Jose Ramon Askasibar Arrasateko zinegotziak (Bildu); Rodolfo Cuesta ETAko preso ohiak; Ander Alberdik, Gotzone Lopez de Luzuriaga presoaren senarrak; eta Fran Balda eta Jon Garay Herrirako kideek ere egingo dute gose-greba.
Baraualdia gaur abiatuko dute, 10:00etan, Donostia Ospitalean.
Hain justu, ospitale horren aurrean elkarreteratzea deituta dago 10:00etan.
Garitano eta Lamarca, presoen senideen elkarteekin
Bestalde, Iosu Uribetxebarriaren senideak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin bilduko dira ostiral honetan. Bilera horretan, Herrira ETAko presoen sendien ordezkariak ere izango dira, Uribetxebarriaren egoera aztertzeko.
Bilera Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramaileak baieztatu du, Donostian emandako prentsaurrekoan. Garitano 10:00etan bilduko da senideekin, eta asmoa Aldundiaren elkartasuna agertzea eta presoaren askapena eskatzeko ekitaldietan parte hartzeko asmoa helaraztea da.
Etxerateko ordezkariak Iñigo Lamarca Arartekoarekin ere bilduko dira, 11:30ean.