Politika -

Zumaian

Joxe Mari Korta omendu dute, ETAk hil zuela 12 urte bete direnean

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak omenaldian parte hartu du. Aurretik, inoiz ez du parte hartu izan ETAren biktimen aldeko omenaldietan.

Martin Garitanok omenaldian parte hartu du. Argazkia: EITB.
Joxe Mari Kortari omenaldia, ETAk hil zuela 12 urte igaro direnean

01:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joxe Mari Korta Adegiko presidente zenaren lagunek eta senideek omenaldia egin diote gaur eguerdian Zumaian (Gipuzkoa), ETAk hil zuela 12 urte bete direnean. Elkarretaratzea "terrorismoaren aurka eta bizikidetza baketsuaren alde" lelopean egin dute.

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak omenaldian parte hartu du. Aurretik, inoiz ez du parte hartu izan ETAren biktimen aldeko omenaldietan.

Garitanorekin batera, Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea, Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari orokorra, Ikerne Badiola eta Jon Peli Uriguen diputatuak, Iñaki Agirrezabalaga (Bildu) Zumaiako alkatea, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkide ohia izan dira.

Korta gogoratzeko, lore eskaintza eta 15 minutuko isilunea egin dute, Adegiko lehendakari ohiaren argazki baten aurrean. Andoitz Korta Joxe Mariren semeetako batek Garitano eta erakundeetako beste ordezkari guztiak agurtu ditu.

Jesus Mari Mujika Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko bozeramaileak esan du erakundeetako ordezkariak eta politikariak omenaldi horretan egotea “positiboa” dela, baina gaurko protagonistak “Joxe Mari Korta eta horren senide eta lagunak” direla azpimarratu du.

ETAk 2000. urteko abuztuaren 8an hil zuen Joxe Mari Korta. . Urtero egiten duten bezala, senideek eta lagunek omenaldia egin diote hil zuten tokian bertan.

Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko bozeramaileak etorkizunari "baikor" begiratzen diotela esan du. Horrez gain, Mujikak "gorrotoa gainditzearen beharra" azpimarratu du. Era berean, autokritika egitea eskatu die, "hala egin behar dutela uste dutenei".

Elkarretaratzeari amaiera jartzeko Mikel Laboaren 'Hegoak ebaki banizkio' kantua entzun dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea