Politika -
Espetxe politika
Calparsoro: 'ETAko presoen egoera tantaka hobetuko da'
EAEko fiskalburuak uste du presoentzat onuragarriena ETA desegitea izango litzatekeela.
Erredakzioa
Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak uste du ETAko presoen egoera "tantaka" hobetuko dela, Espainiako Gobernuak ez baitu neurri kolektiborik onartuko. Dena dela, presoentzat onuragarriena erakunde terrorista desegitea izango litzatekeela gaineratu du.
Europa Pressen eskainitako elkarrizketa batean, Calparsorok berretsi du ETAren desagerpena "urrats erabakigarria" litzatekeela espetxe politika aldatzeko. Azken egunetan, Iosu Uribetxebarria presoaren egoera pil-pilean izan da hedabideetan. Izan ere, metastasia dauka eta Euskal Herrira hurbildu dute.
Azken hilabeteetako urratsei dagokienez (Gobernuak hirugarren gradua ezarri die hainbat presori, eta beste batzuk hurbildu egin ditu), fiskalburuak adierazi du zigorrak banaka ezartzen direla, "eta ez kolektiboei". Beraz, onurak ere banaka erabakitzen direla nabarmendu du.
"Zuzenbide penalak pertsonak epaitzen ditu, ez taldeak edo erakundeak, eta zigorrak pertsonek betetzen dituzte. Beraz, pertsonak dira birigizarteratu behar direnak. Presoentzat, irtenbideak banakakoa izan behar du halabeharrez", esan du.
Calparsororen ustez, zigorretako aldaketak "tantaka" iritsiko dira.
Estrasburgoko Auzitegiak 'Parot doktrina'ri buruz emandako epaiaren harira, fiskalburuak azpimarratu du "behartu" egingo duela Espainia irmoa egiten denean, eta bien bitartean, "oztopatu" egingo dituela presoen estradizioak.