Politika -

Bakea Euskadin

EAJk esan duenez, ETAren disoluzioa 'betebeharrezko eskakizuna' da

Bestalde, Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak esan duenez, datozen hilabeteetan "ETAren behin betirako amaiera ikusi sumatuko dugu".

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren amaiera euskal politikarien ahotan bolo-bolo dabilen auzia da. Izan ere, horren gainean mintzatu dira larunbat honetan EAJko EBBko arduraduna eta Euskadiko PPko presidentea.

Horrela, Iñigo Urkullu jeltzaleak azpimarratu duenez, EAJ "diskrezio osoz, ahal duen heinean ari da laguntzen, bakea ahalik eta lasterren egonkortzen laguntzeko". Izan ere, "guztiok Euskadin elkarbizitzea du EAJk helburu, baina ez da gure lana ezker abertzaleak eta ETAk duten erantzukizuna salbatzea".

Zentzu honetan, ETAren disoluzioa "betebeharrezko eskakizuna" dela azpimarratu du. "Lehen desarmatzea edo desagertzea etorri behar da? Ez gara eztabaida horretan sartuko", adierazi du Urkulluk. "Gauzak eginda egon arte, EAJk diskrezio osoz jokatuko du", esan du.

2011ko urriaren 20an ETAk su-etena iragarri zuenean, ETAk berak eta "ezker abertzaleak ere aldebakarreko prozesua zela esan zuten orduan". "Beraz, badakigu bakoitzak zer egin behar duen", adierazi du.

"Besteok ez dugu inolako erantzukizunik, ez bakarrik terrorismo alorrean, honen justifikazioan ere ez", azaldu du Iñigo Urkulluk, "denbora daramagu guztion arteko elkarbizitza eraikitzeko laguntzen, aniztasunari eta desberdintasun ideologikoari so eginda".

ETAren behin betirako amaiera

Bestalde, Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko presidenteak esan duenez, ETAren amaieraren auzian, "Gobernua ondo ari da gauzak egiten". "Terroristak ari dira oso urduri jartzen. Gobernua ari da presioa mantentzen, eta horri eusten badiogu eta ETAren aldarrikapenei muzin egiten badiegu, litekeena da datozen hilabeteetan ETAren behin betirako amaiera sumatzea", nabarmendu du.

Gauzak horrela, "ETAren amaierari mozkin politikoa" atera nahi izana egotzi dio nazionalismoari. "Etekin politikorik gabeko ETAren amaiera nahi dugu, kontraesanik gabeko amaiera, oinarri demokratikoetan oinarritutako elkarbizitza lortzeko, alegia", azpimarratu du Oyarzabalek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea