Politika -
Auzitegi Nazionalean
Josetxo Ibazeta: 'Bilduri kalte egiteko probokatu ninduten'
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean egindako deklarazioan, Ibazetak esan du “taberna giroa” zegoelako egon zela egun horretan Donostiako Alde Zaharrean.
Erredakzioa
Josetxo Ibazeta Donostiako alkatearen idazkari ohiak Espainiako selekzioaren hiru zaleri mehatxuak egin izana ukatu du, eta pertsona horiek bere alderdi politikoari “kalte egiteko probokatu” egin zutela gaineratu du.
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean egindako deklarazioan, Ibazetak esan du “taberna giroa” zegoelako egon zela egun horretan Donostiako Alde Zaharrean.
Juan Karlos Izagirreren aholkulari ohia terrorismoa goraipatzea egotzita auzipetu dute, Eurokopako finalaren ostean Espainiako futbol selekzioko zale batzuk mehatxatzen erakusten duen bideo bat publikatu baitzen. Epaileak ez du oraindik fiskalak egindako eskaeraren inguruan erabakirik hartu.
Ibazetak nabarmendu du Espainiako futbol selekzioko hiru zaleek “baimenik gabe” grabatu zutela. “Nire alderdi politikoari eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari kalte egin nahi zieten”, adierazi du.
Auzipetuak azpimarratu du pertsona horiei ez ziela mehatxurik egin eta ez zuela ETA edo alderdi politiko bat goraipatu nahi. Hala ere, Ibazetak onartu du bere jarrera “zuzena” eta “egokia” ez zela izan.
Ares: "Ezker abertzaleak bide luzea du egiteko oraindik"
Bestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak uste du, Josetxo Ibazetaren jarrera babestuta, ezker abertzaleak oraindik bere bilakaera burutzeko asko falta duela agerian utzi duela. “Batzuei erraz probokatzen zaie”, nabarmendu du.
“Agerian geratu da oraindik bide luzea dutela egiteko; Sorturen estatutuetan esaten dena betetzeko gai izan behar dira eta estatutuetan adierazitakoa euren eguneroko jarduerara eraman behar dute”, azaldu du Aresek.