Politika -
Lege berria
Pentsioa ala soldata jaso hautatu behar izan dute goi kargudun ohiek
Datozen orduotan jakingo dugu ministro eta goi kargudun ohietatik zeinek jarraituko duten pentsioa jasotzen. PSOEk dagoeneko iragarri duenez, gehienek, Zapaterok barne, pentsioari egin diote uko.
Erredakzioa
Asteazken honetan jarriko da indarrean Gobernua utzi duten goi kargudun ohiek jasotzen duten pentsioaren inguruko arau berria. Orain arte, kargua utzi ondoren jasotzen zuten pentsioa soldata batekin edo beste diru-sarrera batekin bateragarria zen, bi urtez. Uztailaren 13an Ministroen Kontseiluak onartu zuen lege berria dela-eta, aurrerantzean ez dute aukera hori izango. Hala, egun bi diru-sarrera horiek dituztenek bietako bat aukeratu beharko dute.
Ehun bat goi kargudun ohiri eragiten die neurriak, eta horiei guztiei eskutitza bidali die Cristobal Montoro Ogasun ministroak, bi diru-sarrera horietako bat aukera dezaten. Atzo bukatu zen epea, eta, beraz, datozen orduotan jakingo dugu zeinek egin duten pentsioaren alde.
PSOEk dagoeneko iragarri du gehienek pentsioari uko egin diotela, tartean Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Maria Teresa Fernandez de la Vegak. Angeles Gonzalez-Sindek, aldiz, ez du bertan behera utziko.
Alfredo Perez Rubalcaba izan zen Gobernua utzi orduko pentsioari uko egin zion bakarra.