Politika -
Hauteskunde Legearen Erreforma
Iñigo Urkulluk 'hauteskunde-iruzurra' egotzi dio Rajoyri
Azken neurri ekonomikoen harira, EAJko EBBko presidenteak deitoratu duenez, "'guztiontzako kafea' izatetik 'kafe inorentzat ez' igaro dugu". "Euskadin ez dugu hori onartuko", ohartarazi du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak Mariano Rajoyren Gobernuari esan dionez, ETArengandik erbesteratuek Euskadin eta Nafarroan bozkatu ahal izateko Exekutiboak Hauteskunde Legearen erreforma aurrera aterako balu, Rajoyk "hauteskunde-iruzurra" egingo luke.
EAJren sorrera ospatzeko Bilbon izandako ekitaldian Urkulluk esan duenez, "ez dute gizartea engainatuko". "Gaur badakigu Euskadin askatasunez bizi eta boza eman nahi dutenek egin dezaketela, erakunde publikoen eta politikoen babesarekin". Jeltzaleak azpimarratu duenez, "benetako abisua da: prestatzen ari direna hauteskunde-iruzurra da".
Halaber, azken murrizketa ekonomikoen harira, neurri gehiago izan daitezkeela "mehatxu bezala" erabili izana salatu du. "Ekonomiaren egoera hobetu nahi dutela aitzakitzat erabilita, autonomia erkidegoak Estatuaren menpe jarri nahi dituzte", esan du.
"'Guztiontzako kafea' izatetik 'kafe inorentzat ez' igaro dugu", azpimarratu du Urkulluk, "eta Euskadiren kasuan, ez dugu hori onartuko". Autonomia erkidegoek osatutako Espainiako eredua diseinatu zutenak dira "emaitza txar honen erantzuleak, euskaldunok ez gara horren erantzule", nabarmendu du.
"Autogobernuaren borondatea osorik du Euskadik", adierazi du, "eta gure izaera nazionala eta eskubide historikoak urratu nahi dituenari aurre egingo diogu".