Politika -
Donostiako Udala
PSEk eta Bilduk konpondu dute Txapartegiren hitzen gaineko ika-mika
Denis Itxasok esan duenez, deklarazioak grabatzeko mikrofonorik ezta kamerarik ere ez zegoenez, konpondutzat ematen du polemika, Bilduren ordezkariaren ustezko errugabetasuna aintzat hartuta.
Erredakzioa
PSEk eta Bilduk konpondutzat eman dute atzo, osteguna, Donostiako Osoko Bilkuran sortutako ika-mika, Nerea Txapartegi Kultura arduradunak beste kide batzuek –Ernesto Gasco eta Maria Jose Usandizaga, esaterako- jasandako mehatxuak “zerbaitengatik izango zirela” esan zuela Denis Itxaso zinegotzi sozialistak salatu ostean.
Donostian egindako prentsaurreko batean Itxasok adieraz duenez, Txapartegik “hori esan ez” duela gaineratu eta horren moduko jarrerak gaitzetsi ditu Bozeramaileen ez ohiko Bilkuran.
PSEko taldeak ontzat eman ditu deklaraziook eta pozik azaldu da. Gainera, Denis Itxasoren arabera, deklarazioak grabatzeko mikrofonorik ezta kamerarik ere ez zegoenez, konpondutzat ematen du polemika, Bilduren ordezkariaren ustezko errugabetasuna aintzat hartuta.
Gauzak horrela, Bozeramaileen ez ohiko Bilkuran, Ernesto Gasco PSEren bozeramaileak Juan Karlos Izagirreri eskatu dio “edonolako irainak” gertatu ez daitezen datozen bilkuretan.
LiskarraDonostiako kaleetatik "kartel mehatxariak" kentzeko proposamena eztabaidatzen ari zirenean gertatu da liskarra. PPk ohar batean azaldu duenez, Denis Itxasok hitz horiek entzun dizkio Txapartegiri, mikrofonoa itzalita zeukanean.
Kultura ordezkariari hitz horiek erretiratzeko exijitu zioten popularrek eta sozialistek, baina Txapartegik ukatu zuen hori esana. Ondorioz, PPko eta PSEko zinegotziek osoko bilkuratik alde egin zuten.
Juan Karlos Izagirre alkateari hitz horiek "zuzentzeko" eskatu zioten popularrek eta sozialistek gutun batean. Alderdi bien esanetan, Txapartegiren hitzek "indarkeria babestu egiten dute".