Politika -
Hauteskunde legearen erreforma
ETArengatik erbesteratuek ezingo dute urtebete pasatu arte botoa eman
Ikerketaren egileetako batek Radio Euskadin azaldu duenez, oraindik zehaztu gabe dago zer den 'ETArengatik erbesteratua' izatea.
Erredakzioa
'ETArengatik erbesteratuen' botoa zehaztu gabe dago oraindik. Horren haritik, atzo Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak aurkeztutako ikerketaren egileetako batek, Angel Sanchez Navarro Ikerketa Politiko Konstituzionalen Zentroko zuzendariordeak, aitortu egin du oraindik ere zehaztu gabe dagoela zer den 'ETArengatik erbesteratua' izatea.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Sanchez Navarrok adierazi du nahikoa izan beharko zela idatziz adieraztea EAEtik edo Nafarroatik alde egiteko kausa ETAren mehatxuak izan zirela, baina oraindik ez dagoela argi nola frogatu adierazpen hori benetazkoa dela.
Horren esanetan, argi eta garbi froga daitekeen baldintza bakarra bost urtez EAEn edo Nafarroan bizi izana da, informazio hori hautesle-erroldan baitago.
Ikerketa Politiko Konstituzionalen Zentroko zuzendariordearen esanetan, oraindik ezin da zehaztu zenbat pertsonak bozkatu ahal izango duten erreforma honen ondorioz. Hala ere, La Razon egunkariak publikatu du PPk hiru eserleku kenduko lizkiekela Bilduri eta EAJri, erreforma indarrean izango balitz.
Sanchez Navarrok aurreratu du gutxienez urtebete pasatu beharko dela erreforma indarrean sartzeko. Horrenbestez, ez litzateke hurrengo hauteskunde autonomikoetarako iritsiko (aurreratzen ez badituzte, 2013ko lehen hilabeteetan izango dira).