Politika -
EAJ-ren lehendakarigaia
Urkulluk Senatua deuseztatzea proposatu du
Horrez gain, “autobonbo” eta publizitate gastuen politika gelditzea eskatu du, “gobernuaren propaganda kanpaina” gehiagorik ez egitea proposatu duen bitartean.
Erredakzioa
Estatuaren egiturak "argaltzeko" helburuarekin, Iñigo Urkullu EAJko EBBaren presidenteak Senatua eta Gobernu ordezkaritzak deuseztatzeko eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari. Gainera, Erkidegoak oraindik jaso ez dituen eskuduntzen harira, Estatuaren Indar Polizialak eskuduntza horietara egokitzea eskatu du. Horrez gain, Defentsa eta Barne Ministerioen eta Errege Etxearen aurrekontua aste honetan planteatu diren murrizketen neurrian txikitzea eskatu du.
Bilboko Sabin Etxea egoitzan hedabideen aurrean egindako prentsaurrekoan, EAJren lehendakarigaiak BEZaren igoera kritikatu du, "kontsumoa zigortu eta erosteko ahalmena gutxituko" baitu.
Ezohizko neurri horiek hurrengo Euskal Finantza Publikoen Kontseilutik aurrera ezarri beharko liratezke, eta Eusko Jaurlaritzak kontrolatu beharko lituzke.
Eusko Jaurlaritza
Patxi Lopez lehendakariak "batasunaren eta kolaborazioaren" alde eginiko eskaerari dagokionez, ohiko gastuak ordaintzeko egiten ari diren zorpetze operazio berriak gelditzeko proposatu du.
Horrez gain, "autobonbo" eta publizitate gastuen politika gelditzea eskatu du, "gobernuaren propaganda kanpaina" gehiago ez egitea proposatuz. Bukatzeko, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoa deitu behar dela uste du.
Egoera ekonomiko "zaila" aztertzeko ostiral honetan bere alderdiko kargu instituzionalekin eginiko batzarrean, buruzagi jeltzaleak "diru sarrerak jaisteko borondatezko konpromezua" hartzeko eskatu die alderdikideei.