Politika -
Bakerako lan taldea
Akordioa lortu dute legebiltzarreko bakerako lan taldean
Bakegintzan aurrera egiteko, eragindako min eta kalteak onartu eta biktimen duintasuna kontuan izatea, ezinbesteko oinarri etikoa dela uste dute.
Erredakzioa
Elkarbizitza eta bakerako lan taldea osatzen duten talde guztiek sinatu dute testua: EAJ-PNV, PSE, PP, Ezker Anitza eta Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak. Bertan, indarkeriak eragindako injustizia eta sufrimendua onartzearen beharra eta biktimen duintasuna kontuan hartzeko deia egin dute.
Taldeek legebiltzarrean egindako agerraldian, akordioa lortu dute testuaren zati garrantzitsu batean: "ezinbesteko oinarri etikoa"-ren atalean hain zuzen, bertan bakea eraiki eta etorkizuneko elkarbizitzarako balioko duena.
Oroimendun bakea lortzeko, zazpi oinarri nagusi finkatu ditu legebiltzarreko lan taldeak: besteak beste, testuak dio, "bakoitzak onartu behar dituela iraganean giza eskubideen urraketan izandako erantzukizun eta ondorioak. Oroimenak kolektiboa izan behar duela eta ez neutrala, eta egiak berriz, osoa izan behar duela, ez erdizkakoa edo amnesikoa." Horretarako, gertakarien kontaketa objektiboa egin behar dela adostu dute.
Akordioan, bakerako lan taldeak, beste konpromezu batzuk ere hartzen ditu giza eskubideen urraketak etorkizunean gerta ez daitezen: giza-duintasunarekin konpromezua, euskal gizartearen pluraltasunarekiko konpromezu demokratikoa eta elkarrizketarekiko konpromezu demokratikoa.
Testuak argi uzten du, indarkeriak eta inposaketak ez dutela lekurik arazoak konpontzeko.
Elkarbizitza eta bakerako lan talde hau joan den apirilaren 23an osatu zen, EA, Aralar eta UpyDko legebiltzarkiderik gabe.