Politika -
Estrasburgoko erabakia
Ines del Rioren abokatuak: 'Parot doktrina hilzorian dago'
Europako Giza Eskubideen Auzitegia, Estrasburgokoa, 'Parot dotrina'ren kontra agertu zen, Ines del Rio ETAko kide ohia zigorraren berrikuspen batengatik kartzelan mantentzea "irregularra" delakoan.
Erredakzioa
Ines del Rio Prada ETAko presoaren abokatuek Estrasburgoko Epaitegiaren ebazpenari buruz aritu dira gaur, Bilbon egin duten agerraldian. Parot doktrina "hilzorian" dagoela eta Espainiako Gobernuak iragarri duen helegiteak "bide motza" izango duela gaineratu dute.
Iragan asteartean, Europako Giza Eskubideen Auzitegia, Estrasburgokoa, 'Parot dotrina'ren kontra agertu zen, Ines del Rio Prada ETAko kide ohia zigorraren berrikuspen batengatik kartzelan mantentzea "irregularra" delakoan.
Del Rioren abokatuek esan dute "juridikoki" zail ikusten dutela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak helegite hori tramitera onartzea. Estatuak hiru hilabeteko epea du helegitea aurkezteko.
Abokatuek ez diote errekurtsoari "bide luzerik" aurreikusten, eta Gobernuak Parot Doktrina aplikatzeari utzi beharko diola nabarmendu dute.
Abokatuek onartu dute, epaia irmoa izan bitartean, Gobernuak "badaukala tartea" Ines del Rio espetxean mantentzeko. Hala ere, Espainiak Giza Eskubideen Konbentzioa sinatu egin zuela gogoratu dute. "Kontraesankorra da urraketa bat dagoela esatean agindutakoa ez betetzea", adierazi dute.
Ines del Rioren abokatuak "pozik" daude Estrasburgoko erabakiarekin.