Politika -
Auzitegi Konstituzionalak
Gazte baten tortura salaketa berriro ikertzeko agindu du AK-k
Ruben Villa Segiren aurkako operazio batean atxilotu zuten, 2010. urtean. Orduan, torturak jaso zituela salatu zuen, baina Bizkaiko Auzitegiak eta Bilboko Epaitegiak salaketa artxibatu egin zuten.
Erredakzioa
Bizkaiko eta Bilboko epaitegiek Ruben Villa Esnaola gazteak aurkeztutako tortura salaketa behar bezala ez zutela ikertu ebatzi du gaur Auzitegi Konstituzionalak eta, horren ondorioz, kasua berriro irekitzeko exijitu die.
Villa Segiren aurkako operazio batean atxilotu zuten, 2010. urtean. Orduan, torturak jaso zituela salatu zuen, baina Bizkaiko Auzitegiak eta Bilboko Epaitegiak salaketa artxibatu egin zuten.
Auzitegi Konstituzionalaren iritziz, Bizkaiko eta Bilboko epaitegiek ez zuten gaztearen salaketa behar bezala aztertu, delitua egin zela pentsatzeko "arrazoizko susmoak" zeudenean, kasua artxibatu egin baitzuten.
Erabakia Eugeni Gay, Elisa Perez Vera, Ramón Rodríguez Arribas, Luis Ignacio Ortega eta Francisco Pérez de los Cobos epaileek hartu dute.
Zentzu horretan, Bilboko auzitegiak eta Bizkaiko epaitegiak hartutako erabakiak bertan behera utzi ditu Konstituzionalak, eta kasua berriro ikertzeko exijitu die.