Politika -

Urteurrena

15 urte bete dira gaur ETAk Miguel Angel Blanco bahitu zuela

ETAk 48 orduko epea jarri zuen euskal presoak hurbiltzeko. Bestela Ermuko PPko zinegotzia hilko zuela mehatxu egin zuen. Azkenean, 48 ordu geroago, hil egin zuten eta basoan utzi zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur 15 urte bahitu zuen ETAk Miguel Angel Blanco Garrido Ermuko PPko zinegotzia.

29 urte zituen eta 1997ko uztailaren 10eko bazkalostean, Ermuko tren geltokian, bahitu zuten. ETAk berehala baieztatu zuen bahiketa eta 48 orduko epea jarri zuen euskal presoak hurbiltzeko. Bestela, Miguel Angel Blanco hilko zuela mehatxu egin zuen.

10 egun lehenago amaitu ziren beste bi bahiketa. Libre utzi zuten Cosme Delclaux enpresaria eta polizia indarrek askatzea lortu zuten Jose Antonio Ortega Lara kartzela-funtzionarioa. Azken horrek 532 egun egin zituen bahituta.

Askoren iritzian, mendekuz jokatu zuen ETAk Ermuko zinegotzia bahituta. Garai hartan Jaime Mayor Oreja zen Jose Maria Aznarren Espainiako Gobernuko Barne ministroa, eta Juan Mari Atutxa zen Herrizaingo sailburu Jose Antonio Ardanza lehendakariarekin.

Herri Batasuna barrutik ere Blanco libre uztea eskatu zion ETAri Patxi Zabaleta legebiltzarkideak. Ordu batzuetara, Ajuria-Eneko mahaiak manifestazioa deitu zuen.

ETAk jarritako epea agortzear zegoela, jendetza elkartu zen Bilbon larunbat eguerdian. Orduan egin zen ezagun Mari Mar Blanco bahituaren arreba, egun PPren legebiltzarkide dena, milaka manifestariren aurrean egindako adierazpenengatik.

Hala ere, bahiketaren kontrako ahotsek ez zuten ETAren mehatxua zapuztea lortu. Miguel Angel Blanco hilzorian aurkitu zuten epea agortu zenean Lasarten. Larri zaurituta eraman zuten Donostiako ospitalera, baina bertan hil zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea