Politika -
Premiazko bilkura
Alduntzinen kontrako mozioa onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek
Alduntzin "haserre" agertu da zentsura mozioa jasan izanagatik, Gipuzkoako historia lehena, eta hunkituta amaitu du bere hitzaldia, malkoei ezin eutsita.
Erredakzioa
EAJk, PSE-EEk eta PPk Batzar Nagusietan duten gehiengoaz baliatu dira Juan Carlos Alduntzin (Bildu) Ingurumen diputatua kargutik kentzeko. Alduntzinek hondakinen kudeaketan hartutako erabakiak aurreko legengiltzaldian hartutakoen kontra zihoazela izan da kargutik kentzeko arrazoia.
Oposizioko hiru alderdiek mozioa aurrera atera dute ostiral honetan egindako premiazko bilkuran. Lehen aldia da, gainera, Gipuzkoako Gobernu batean mozio zentzura bat aurrera ateratzen dela.
Mozioaren bitartez, diputatuaren lana baztertu dute, Alduntzinek hondakinen kudeaketarako sistema berria abian jarri du, "atez ateko bilketa"n oinarrituta, eta erraustegia eraikitzea baztertuta. Hain zuzen, erraustegia eraikitzea izan zen aurreko legegintzaldiko akordioetako bat, eta akordio horrek Batzar Nagusietako gehiengoaren babesa du oraindik.
Alduntzin, malkoei ezin eutsita
Bilduk, aldiz, zentsura mozioa oposizioko hiru alderdien interesei erantzun diela azaldu du, Alduntzinek eta Martin Garitano ahaldun nagusiak esandako hitzen bitartez. Koalizioaren ustez, EAJ, PSE-EE eta PP Bilduren kontrako "frontea" egin dute Euskadiko hurrengo hauteskundeei begira.
Zehazki, Ingurumen diputatuak azaldu egin du zentsura mozioaren helburu bakarra "ezkerreko subiranotasunari eta independentismoari aurka egitea" dela, hurrengo hauteskundeei begira.
Alduntzin "haserre" agertu da zentsura mozioa jasan izanagatik, Gipuzkoako historia lehena, eta hunkituta amaitu du bere hitzaldia, malkoei ezin eutsita.
"Beharrezko" mozioa, oposizioaren arabera
Xabier Ezeizabarrena (EAJ), Mikel Andueza (PSE-EE) eta Juan Carlos Cano (PP) batzarkideek "kultura demokratiko falta" egotzi diote Bilduren Gobernuari erraustegia onartzen duen eta ganberaren gehiengoaren babesa duen hondakinen kudeaketa programa ez onartzeagatik.
EAJ, PSE-EE eta PP alderdien ordezkariek neurri hori beharrezkoa zela esan dute, baina ez du hondakinen arazoa konponduko, Bilduren Gobernuak erraustegia eraikitzearen aurkako planarekin aurrera jarraituko duelako.
Polemika
Bilkuraren hasieran polemika izan da, Lohitzune Txarola Batzarretako presidenteak ez baitie baimenik eman oposizioko hiru alderdiei zentsuraren aldeko testua defendatzeko txanda euren artean banatzeko. Ondorioz, EAJk, PSE-EEk eta PPk uko egin diote txanda erabiltzeari, eta "Bilduren jarrera oztopatzailea" eta "araudiaren irakurketa partziala" salatu dute, "araudiaren espirituaren kontrakoa".
Bigarren txandan, mozioaren aldeko alderdiek zenbait argudio eman dituzte mozioaren azken eragilea Juan Carlos Alduntzin bera izan dela adierazteko, hondakinen kudeaketa konponduta zegoenean berriro arazo bihurtu duelako.