Politika -

Eztabaida, bilkuran

EAJk, PSEk eta PPk Alduntzinek berak zentsura eragin duela uste dute

Irtenbide bat izan arren, hondakinen kudeaketa arazo bihurtu izana leporatu diote Alduntzini zentsura mozioa sinatu duten alderdiek.

Alduntzinen aurkako zentsura-mozioaren eztabaida izan da Batzar Nagusietan. Argazkia: EITB
Alduntzinen aurkako zentsura-mozioaren eztabaida izan da Batzar Nagusietan. Argazkia: EITB
Alduntzinen aurkako zentsura-mozioaren eztabaida, Batzar Nagusietan

03:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, PSEk eta PPk, Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa sinatu duten alderdiek, Juan Carlos Alduntzinek berak mozioa eragin duela esan dute eta irtenbide bat izan arren, hondakinen kudeaketa arazo bihurtu izana leporatu diote.

Xabier Ezeizabarrena (EAJ), Mikel Andueza (PSE-EE) eta Juan Carlos Cano (PP) batzarkideek "kultura demokratiko falta" egotzi diote Bilduren Gobernuari erraustegia onartzen duen eta ganberaren gehiengoaren babesa duen hondakinen kudeaketa programa ez onartzeagatik.

PSE-EE eta PP alderdien ordezkariek neurri hori beharrezkoa zela esan dute, baina ez du hondakinen arazoa konponduko, Bilduren Gobernuak erraustegia eraikitzearen aurkako planarekin aurrera jarraituko duelako.

Mikel Andueza sozialistak adierazi duenez, Udaletan eta Aldundietan "gehiengo egonkor eta alternatiboak" sortzeko prest izan da PSE legealdiaren hasieratik. Hau da, Bildu gobernu horietatik ateratzeko prest izan da, baina horretarako EAJrekin ados jarri behar du.

Zentsura mozioa "itun orokorra" ez dela esan du EAJko bozeramaileak. Gainera, Ezeizabarrenak adierazi du Martin Garitano ez litzatekeela ahaldun nagusia izango EAJ "Bilduren aurkako ekimen bateko partaide" izango balitz, Bilduk salatu bezala. Halaber, aurtengo aurrekontuak ere ez lirateke onartuta egongo.

Ezeizabarrenak esan duenez, neurri horrekin Bilduk jarrera aldatzea nahi dute. Jeltzaleen aburuz, ezker abertzalearen "ortodoxia" izan da egoera horren eragilea; izan ere, EAk erraustegia babesten zuen Gipuzkoako Hondakinen Plana onartu zuen.

Canoren ustez, Ingurumen diputatuak "osatugabeko eta batzarraren babesik gabeko" hondakin sistema "inposatu" nahi izateagatik "eragin" duen "korapiloa askatzeko" balio izan du zentsura mozioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea