Politika -
Alduntzinen kontrako mozioa
Oposizioak uko egin dio bere txandari, ezin zutelako denek hitz egin
Bilduko alkateak eta EH Bilduren ordezkariak bertaratu dira Batzar Nagusien egoitzan Juan Karlos Alduntzin Ingurugiro diputatuari babesa adierazteko.
Erredakzioa
Hondakinen kudeaketagatik Alduntzinen kontra aurkeztu duten zentsura-mozioa eztabaidatzeko osoko-bilkura atzeratu egin da PSE-EEren helegite bat zela eta. Helegite horretan, PSE-EEk atzera bota nahi zuen mozioa babestu duten 28 batzarkideetako batek bakarrik hitz egin ahal duela dioen ebazpena.
Azkenean, Txarolak atzera bota du helegitea eta, araudiak dioen moduan, soilik hiru alderdiek aukeratutako ordezkari batek izan du hitz egiteko aukera mozioa babesteko txandan.
Batzar Nagusietako presidentearen erabakiaren berri izan ostean, Rafaela Romero PSE-EEren bozeramailea kexu agertu da eta erabakia baliogabetzea eskatuko duela iragarri du.
Osoko-bilkura hasi denean, Xabier Ezeizabarrena EAJren batzarkidea izan da hitza hartu duena. Mozioa sinatu duten hiru alderdien izenean hitz egin du eta mozioa defendatzeko txandari uko egiten ziotela jakinarazi du. Azkenean, Alduntzinen kontrako mozioa irakurri besterik ez du egin.
Ezeizabarrenak, hala ere, Bilduren "jarrera oztopatzailea" eta "araudiaren irakurketa partziala" egin duela salatu du. EAJko kidearentzat, Txarolaren erabakiak "agerian uzten du Bilduren izaera antidemokratikoa".
Juan Karlos Alduntzinek bere burua defendatu ostean, oposizioko alderdien txanda izango da, eta bakoitzak 30 minutu izango ditu.
Alkateen eta EH Bilduko kideen babesa
EH Bilduren ordezkariak eta Bilduko alkateak Gipuzkoako Batzar Nagusietara joan dira gaur Ingurugiro diputatuari babesa ematera.
Joseba Permach (ezker abertzalea), Pello Urizar (EA), Oskar Matute (Alternatiba) eta Ernesto Merino (Aralar) bertaratu dira, besteak beste.
EH Bilduren ustez, gaur onartuko duten mozioa "hauteskunde programa betetzeagatik" aurkeztu dute. "Badirudi klase politikoa ez dagoela hauteskunde programak betetzera ohituta", adierazi du Permachek.
Bestalde, bihar Donostian Alduntzini babesa emateko deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.