Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAJk dio hauteskundeak urte bukaeran izango direla
Erkoreka diputatuak uste du Jaurlaritzak aurrekontuak adosteko negoziazioek porrot egin dutela "irudikatuko" duela, horren ondoren, oposizioaren jarrera "arduragabea" salatu eta bozak deitzeko.
Erredakzioa
Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak uste du Patxi Lopez lehendakariak urte amaieran deituko dituela hauteskundeak, aurrekontuak adosteko negoziazioek porrot egin dutela "irudikatu" eta oposizioari "arduragabekeria" leporatu ostean.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "hauteskunde usaina" dago, EAEko egungo egoerari ezin baitzaio "denbora gehiago eutsi".
"Udaren ostean, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak adosteko saiakera bat irudikatuko du, eta ezinezkoa dela ikusten duenean, iritzi publikoari esango dio saiatu dela eta ezinezkoa izan dela beste alderdien arduragabekeriagatik", aurreikusi du Erkorekak.
Bozeramaile jeltzalearentzat, "litekeena da hori gertatzea eta urte amaierarako hauteskundeak deitzea, ez dakit azaroan edo abenduan".
Erkorekak azaldu duenez, "zaila da aurrekontuak Jaurlaritzarekin adostea, urtetan gure babesa lortzeko erraztasunik eman ez duenean". Horren harira, sozialistek bere garaian Ibarretxeri babesa ematen ziotela eta, Erkorekak argitu du "Madrilen ematen genien babesagatik" gertatzen zela hori.
Bildu
Bestalde, Bildu legez kanpo uzteko aukeraz galdetuta, Erkorekak esan du Barne Ministerioaren oharrak "Konstituzionalaren ebazpena indartu" nahi duela.
"Barne Ministerioak egindako oharrek Konstituzionalaren ebazpenean dute berme juridikoa. Galdera da ea ebazpen desberdina eman behar ote zen, parametro horiek kenduta", adierazi du Erkorekak.
Erkoreka ezker abertzalea legeztatzearen alde agertu da, "iraganeko zama hori" kentzeko momentua delakoan, "Alderdi Politikoen Legeak euskal politikari egin dioten kalteagatik".