Politika -
Biografia
Antton Troitiño: urtebeteko ihesaldia, 24 urteko zigorraren ostean
22 hilketatan parte hartzeagatik zigortu zuten, eta 2017an askatu behar bazuten ere, lehenago atera zen kartzelatik Auzitegi Konstituzionalak eman zuen ebazpen bat aintzat hartuta.
Erredakzioa
Antton Troitiño ETAko "Madrid" taldeko kide ohia Londresen atxilotu ostean, urtebeteko ihesaldia amaitu da.
Troitiño 2011ko apirilaren 13an atera zen Hulevako kartzelatik, 22 hilketatan parte hartzeagatik 24 urteko kartzela-zigorra bete ostean. Ezustean atera zen Troitiño kartzelatik.
Izan ere, Auzitegi Nazionalak 'Parot dotrina' ezarri zion eta 2017ra arteko kartzelaldia agindu zuen.
Baina, horren ondoren, Auzitegi Konstituzionalak beste ebazpen bat eman zuen eta horren arabera, aurreneurrizko espetxealditzat hartzen da beste delitu bategatik kartzelan igarotzen den denbora.
Libre geratu ondoren, Troitiño Donostiara joan zen, baina han egun batzuk igaro ondoren, desagertu egin zen, eta askatasuna eman zion ebazpena atzera bota zutenerako, ihes eginda zegoen.
Antonio Troitiño 1987ko urtarrilaren 23an atxilotu zuten lehenengo aldiz, ETAren "Madrid" taldea desegin zutenean. Iñaki de Juana Chaos, Esteban Nieto eta Inma Noble ere talde horretako kideak ziren.
ETAko kidea auto bonba batez bost guardia zibil hiltzeagatik zigortu zuten lehenik. Autobusean zihoazen guardia zibilen kontrako atentatu batean (12 guardia zibil hil zituzten) parte hartzeagatik ere zigortu zuten.
Carlos Besteiro Perez koronelaren, Ricardo Saenz de Inestrillas komandantearen eta Francisco Casillas soldaduaren hilketetan parte hartzea ere leporatzen diote.
Gainera, ETAren Gipuzkoako 'Aizkora' taldeko kide zenean Lorenzo Mendizabal errenteriarraren eta Angel Zapatero Antolin guardia zibilaren hilketengatik ere jaso zuen zigorra.
Hilketa horiez gain, Antonio Hernandez Gil Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentearen hilketa saiakeran eta Defentsa Ministerioaren kontra granadekin egindako erasoan parte hartu zuen.