Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Nafarroa, Osasun eta Hezkuntza sektoreetako murrizketen aurka
Espainiako Gobernuak Osasun eta Hezkuntza sektoreetarako onartu dituen murrizketak aplikatzearen aurka Auzitegi Konstituzionalera jotzea erabaki du Nafarroako Parlamentuak.
Erredakzioa
Nafarroak helegite bana aurkeztuko ditu Auzitegi Konstituzionalean, Espainiako Gobernuak Osasun eta Hezkuntza sektoreetan ezarri dituen murrizketen aurka. Hala erabaki du gaur Nafarroako Parlamentuak, PSN, NaBai, Bildu eta I-E taldeen babesarekin. PPNk kontra bozkatu du bi kasuetan eta aipatzekoa da UPNk Hezkuntza sektoreko murrizketak errekurritzea babestu duela.
Hezkuntza sektoreko neurriei dagokienez, lege-dekretu berriaren zenbait artikulutan Nafarroaren eskumenak urratzen direla ondorioztatu du Foru Parlamentuko zerbitzu juridikoak egindako ikerketak. Ildo berean, Osasun sektorean murrizketak ezartzeko onartu zen lege-dekretuaren hiru artikulu Konstituzioaren kontrakoak direla ebatzi dute. Aurrekoan ez bezala, kasu honetan Nafarroaren eskumenak urratzen ez direla uste dute, baina, aitzitik, lege-dekretuz onartzeko premiazkotasuna justifikatuta ez dagoela ondorioztatu dute.
Agerraldiak Juan Jose Lizarbek (PSN) esan du “beharrezkoa” dela bi helegiteak aurkeztea, “arrazoi juridikoak, konstituzionalak eta politikoak daudelako”.
Nekane Perezek (NaBai) deitoratu du Espainiako Gobernuak lege-dekretu bidez ezarritako neurriak Alderdi Popularren ideologiari erantzuten diotela. “Eskubideak urratzen dituzte eta ekonomia guztiaren gainetik jartzen dute”, salatu du. Maiorga Ramirezek (Bildu), berriz, Auzitegi Nazionalean ezarriko dituzten helegiteak beharrezkotzat jo ditu, baina nahikoa ez dela erantsi du; izan ere, “Konstituzionalak erabakitzen duena erabakita ere, Alderdi Popularraren neurriek ez dute Nafarroako gizartearen oniritzia”.
Marisa de Simonen (I-E) arabera, “neurri horiek Osasungintzako eta Hezkuntza baliabideak murrizten dituzte”. Bestalde, Carlos Garcia Adanerok (UPN) bere alderdiak Hezkuntza sektoreko murrizketen aurka helegitea aurkezteko proposamena babestu izana justifikatu du: “Zerbitzu juridikoek egindako txostenak dio kasu horretan Nafarroako eskumenak urratu egiten direla, baina Osasungintzari buruzko murrizketetan horrelakorik ez dagoela”. Eloy Villanueva PPNren bozeramaileak, berriz, Espainiako Gobernuak “gizartearen interes nagusiak eta herritarren beharrizanak aintzat hartuta” ezartzen dituela neurriak azpimarratu du. “Gobernuak erabakiak hartu behar ditu eta, gure ustez, erabakiak bete egin behar dira”, erantsi du.