Politika -

Polizia-operazioa Frantzian

Sandra Carrascoren mezua Amaiurri: 'ETAk ezin du zigorrik gabe geratu'

ETAk hildako zinegotzi ohiaren alabak "adierazpen inozoak" egitea leporatu dio Errekondori, atxiloketak "gatazka konpontzeko kontrako norabidean" doazela esan zuelako.

Sandra Carrasco ETAk hildako Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista ohiaren alaba. EITB
Sandra Carrasco ETAk hildako Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista ohiaren alaba.
Sandra Carrasco: 'Biziarteko zigorra bizi dugu familian'

02:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sandra Carrasco ETAk hildako Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista ohiaren alabak mezua igorri dio Xabier Mikel Errekondo Amaiurren bozeramaileari eta, "gustatu ala ez", "orain ETAko hiltzaileak atxilotzeko garaia" dela esan dio, izan ere, ETAko kideek ezin dute "zigorrik gabe geratu".

Sandra Carrascok agiri bat zabaldu du atzo izan ziren atxiloketen harira, Ugaitz Errazkin ETAKo ustezko kidea atxilotu baitzuten, Isaias Carrascoren eta Inaxio Uria enpresariaren hilketekin lotzen dutena.

Carrascok "adierazpen inozoak" egitea leporatu dio Errekondori, atxiloketak "gatazka konpontzeko kontrako norabidean" doazela esan zuelako.

"Errekondo jauna, zure ustez ETA erakunde terroristako bi ustezko hiltzaile, duela lau urte pistolarekin bi pertsona errugabe odol hotzean hiltzea erabaki zutenak, atxilotzea gatazkaren konponbidean atzerapausoak ematea bada, ez duzu erremediorik, ez pertsona gisa ez herritarren ordezkari gisa", adierazi du Sandra Carrascok.

Bestalde, hildako zinegotzi ohiaren alabak eskerrak eman nahi izan dizkie "polizia guztiei" eta Guardia Zibilari eta Frantziako Poliziari bereziki, "herritar guztiek eskertu beharko luketen isilpeko lana" egiten dutelako.

Bere aitak eta Uriak ez zutela hiltzea erabaki, baina ETAko kideek "bai, hiltzea erabaki zuten, inork behartu gabe", gogorarazi du Sandra Carrascok.

"Hori dela eta, egon daitezela ondorioak pairatzeko prest. Ez ezazu uste (Errekondori zuzentzen zaio) bake prozesu batean gaudelako zigorrik gabe geratuko direnik", adierazi du zinegotzi sozialista ohiaren alabak, oraindik "ETAren 326 hilketa argitzeke" daudela azpimarratu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea