Politika -
Polizia-operazioa
Frantziako Tolosara eraman dituzte ETAko ustezko kideak
Atxilotuetako bati Isaias Carrasco eta Inaxio Uria hil zituen taldeko kide izatea egotzi diote.
Erredakzioa
Astearte goizean Albin (Frantzia) atxilotutako ETAko bi ustezko kideak Okzitaniako Tolosako polizia-etxera eraman dituzte.Larunbata baino lehen Parisera eramango dituzte, epailearen esku uzteko.
Atxilotuetako bat Ugaitz Errazkin Telleria hernaniarra (Gipuzkoa) da. 'Asti' taldeko ustezko kidea da, eta talde horri Isaias Carrasco Arrasateko (Gipuzkoa) zinegotzi sozialistaren hilketa leporatzen diote. 2008ko martxoaren 7an hil zuten Carrasco Arrasaten, hauteskunde orokorrak baino bi egun lehenago, hiru tiro emanda.
Inaxio Uria enpresaburuaren hilketa ere egozten diote talde horri. Uria azpeitiarra (Gipuzkoa) bere jaioterrian hil zuten 2008ko abenduaren 3an, hiru tiro emanda.
Beste atxilotua Jose Javier Oses Carrasco burlatarra (Nafarroa) da. 2010ean kartzelatik atera zen, kale borroka ekintzengatik kartzela-zigorra jaso ostean.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren esanetan, 'oso zigortuta'' bada ere, ETA aktibo dago oraindik Frantzian, eta bere logistikaren kontrako ''kolpe latza'' izan dira atxiloketak.
Informatika materiala atzeman dute
Informatika materiala antzeman du Frantziako Poliziak ETAko ustezko kideen etxebizitzan, eta matrikula faltsua zeraman autoa ere aurkitu dute garajean.
18 atxilotu
Gaur Frantzian izan diren bi atxiloketekin, dagoeneko ETAko 18 ustezko kide atxilotu dituzte urriaren 20an ETAk jarduera armatua utzi zuela iragarri zuenetik.