Politika -

Atxiloketak Frantzian

Gobernua: 'Bildu legez kanpo uzteko kontagailua martxan da'

Jorge Fernandez Diazek Amaiurri eta Bilduri Konstituzionalaren jarreretan oker egin dezaketela ohartarazi die alderdi bat legez kanpo uzteko arrazoi bezala.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak eta PPk astearte honetan Amaiurri eta Bilduri legez kanpo uzteko "kontagailua" martxan dela ohartarazi die.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren eta Alfonso Alonso Kongresuan PPren bozeramaile denaren ustez, Amaiurrek eta Bilduk Konstituzionalak Sortu legeztatzeko epaian jarritako jarreretan oker egin ahal izan dute. Jarrera horiek ez betetzeak alderdia legez kanpo uztea eragin dezakete.

Hitz horiek esan dituzte diru publikoarekin ETAko presoei buruzko dokumental bat finantzatzeko Donostiako Udalaren erabakiaren harira, eta Amaiurrek astearte honetan ETAko ustezko presoen atxiloketa kritikatu ostean.

Xabier Mikel Errekondo Kongresuan Amaiurren bozeramaile denak esan du atxiloketak "euskal gatazkaren irtenbidearen kontrako noranzkoan" doazela. Bere aldetik, Jorge Fernandez Diazek Amaiurri "hiltzaileen eta terroristen" alde jartzea leporatu dio.

'ETAk desegin egin behar du, onean edo txarrean'

''Oso zigortuta'' bada ere, ETA aktibo dago oraindik Frantzian, eta bere logistikaren kontrako ''kolpe latza'' izan dira han egindako atxiloketak, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren ustez.

Ugaitz Errazkin eta Jose Javier Oses Carrasco ETAko ustezko bi kideak atxilotu ditu Frantziako Poliziak, Guardia Zibilaren laguntzarekin, Albin (Frantziako Tolosatik gertu).

Isaias Carrasco zinegotziaren eta Inaxio Uria enpresariaren hilketekin zuzenean erlazionatu du Fernandez Diazek Ugaitz Errazkin, eta ETAko ustezko kidearen ''historial odoltsua'' azpimarratu du.

Jose Javier Oses Carrascok, berriz, kale borrokarekin lotutako ibilbide luzea duela esan du ministroak, 2004a eta 2007a bitartean Iruñean egindako 40 bat indarkeria ekintzarekin lotu baitu atxilotua. ''Ikasle gailena'' da Oses Carrasco, ministroaren hitzetan.

Atxiloketak izan diren unean ETAko ustezko bi kideek armak zaramatzatela azaldu du Fernandez Diazek, eta, etxebizitzako garajean, lapurtutako auto bat eta matrikula faltsuak aurkitu dituztela azaldu du.

ETAren egitura logistikoko kideak direla eta egitura horrek, klandestinitatean, aktibo jarraitzen duela azaldu du ministroak. Zuloak zaintzeko eta militanteak elkarrekin harremanetan jartzeko ardura zutela esan du.

"ETAk, onean edo txarrean bada ere, desegin egin behar duela esaten dugunean oso serio ari gara'', esan du ministroak. ''Gobernuak ETArekin edo presoekin negoziatzeko asmorik ez duela argi erakusten dute atxiloketek'', gaineratu du.

ETAren desegiteari ''eperik'' ez dio jarri nahi

Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari orokorrak ETA 'datozen hilabeteetan' desegingo dela esan duen arren, Barne Ministroak ez dio desegite horri ''eperik'' jarri nahi izan. "Ez dut eperik jarri nahi. Azpimarratu nahi dudan gauza bakarra da 2012an 13 atxilotu daramatzagula dagoeneko'', esan du ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea