Politika -

Hauteskundeak

Patxi Lopezek 2013ko Aurrekontuak aurkeztuko ditu

Proiektua prestatzen hasi dela eta ''garaiz eta dagokion bezala'' aurkeztuko duela iragarri du (azaroaren 1a da azken eguna). Horrela, hauteskundeak ez aurreratzeko asmoa berretsi du.

Patxi Lopez lehendakaria. EITB
2013ko Aurrekontuak aurrera aterako dituela esan du Patxi Lopezek

00:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013rako Aurrekontuak aurkeztuko dituela iragarri du astelehen honetan Patxi Lopez lehendakariak. Proiektua ''garaiz eta dagokion bezala'' aurkeztuko duela esan du (azaroaren 1a aurkezteko azken eguna, legez), enpresaburuekin egin duen solasaldi batean. Dagoeneko proiektua prestatzen hasi dela aurreratu du lehendakariak, eta aurrekontuok onartzeko aukera ere izango duela uste du.

Izapide hori iragarriz, hauteskunde autonomikoak ez aurreratzeko asmoa berretsi du berriz ere, berez, 2013ko otsailerako edo martxorako baitaude aurreikusita.

"Talde parlamentarioen erantzukizunari dagokionez, espero dudana da uler dezatela herri honek aurrekontuak izatea beharrezkoa dela, guk ere, bere garaian, oposizioan ginela, ulertu genuen bezala. Ibarretxeren gobernuaren zazpi aurrekontu onartu genituen'', esan du.

Datorren urteko kontuak onartzeko aukera egon badagoela uste du lehendakariak. Patxi Lopezek esan duenez, ''badago alderdiren bat (PPri aipamen eginez) Aurrekontuak ikusteko eta horien inguruan hitz egiteko prest dagoena''.

Hauteskundeak aurreratu nahi ez izateagatik Euskadi geldiarazten aritzea leporatu diotenei Lopezek erantzun die ''orain hauteskunde kanpaina bat martxan jartzea litzatekeela herria geldiaraziko lukeena''.

''Krisiari aurre egiteko moduan erreferentea da Euskadi, eta danborrak jotzen ari direnek ez diote mesederik egiten. Horiei eskatuko nieke pentsa dezatela gehiago herriarengan, eta gutxiago gobernuari kalte egiteko moduetan. Pentsa dezatela gehiago egoerari aurre egiteko zer egin daitekeen, eta gutxiago hauteskundeak aurreratzeko aukeran'', esan du lehendakariak.''Enpresari batek ere ez dit hitz egin Espainiarekin apurtzeko aukeraz''

Europako krisiarekin ''bere alderik ilunena eta insolidarioena'' azaleratu da, lehendakariaren hitzetan, bai Alemanian, Greziarekiko, eta baita ''Espainia Euskadiren oztopo gisa ikusten dutenen artean'' ere.

Azken horiei Patxi Lopezek adierazi die gainerako espainiarren solidaritateari esker ordaintzen direla pentsioak, urtean 700 milioiko defizita baitago, eta Estatua ari dela ordaintzen euskal historian izan den lanik handiena: Abiadura Handiko Trena.

Bere agintaldian zehar ETAk armak utzi dituela nabarmendu du lehendakariak. ''Gure arazorik handiena dagoeneko ez dago; eta, horregatik bakarrik, merezi izan du lehendakaria izatea. Hori izan da Euskadiren historian inbertsiorik handiena'', esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea