Politika -
Hipercor atentatua: 25 urte
ETArekin ez negoziatzeko konpromisoa berretsi die Gobernuak biktimei
Estatuak biktimen sufrimendua ''berandu'' aitortu duela onartu ondoren, Barne ministroak esan du terrorismoaren bukaeran ''garaileak'' eta ''garaituak'' egon behar direla.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ETArekin sekula ez negoziatzeko konpromisoa berretsi die biktimei. Horren hitzetan, behin erakunde armatua polizia bideen bitartez garaitua izan ondoren, ez du negoziaziorako tarterik, eta desegitea du aukera bakarra.
Hipercorren orain 25 urte ETAk egindako atentatuaren urteurrenarekin bat eginez, terrorismoaren biktimei omenaldia egin diete goizean Bartzelonan, eta bertan izan da Barne ministroa.
Arratsaldean, atentatuaren 25. urteurrena gogoratzeko ekitaldi berezia egingo dute, Hipercor ondoan biktimak oroitzeko eraikitako monumentuan. Besteak beste, Patxi Lopez lehendakaria egongo da bertan.
Goizean, Espainian izandako hainbat atentatutan hildako biktimak gogoratu dituzte (denak, ez ETAren atentatuetan hildakoak bakarrik), eta ministroak ''biktima horiek utzitako etika, moral eta duintasun testigantza''azpimarratu du.
Espainiar gizarteak ETAri ez diola ezer zor esan du ministroak. Horren ustez, gainera, terrorismoaren bukaeran ''garaileak'' eta ''garaituak'' egon behar dira. ''ETAren kasuan Zuzenbide Estatua, demokrazia eta askatasuna dira garaileak; eta hiltzaileak eta terroristak, berriz, garaituak'', esan du.
Estatuak biktimen sufrimendua ''berandu'' aitortu duela onartu du Fernandez Diazek (''hobe berandu inoiz ez baino'', esan du), eta omenaldia egiteko aukeratutako egunak Hipercorreko sarraskiarekin bat egitea kasualitatea izan ez dela azpimarratu du.
Atentatua
1987ko ekainaren 19an, ETAk amonalez eta gasolinaz betetako auto bat jarri zuen Bartzelonako Hipercor merkataritza-gunearen aparkalekuan, eta horretaz behin baino gehiagotan ohartarazi arren, 21 pertsona hil ziren, bonba-autoak eztanda eginda. Atentatu horren bi egile Santiago Arrospide eta Rafael Caride Simon izan ziren, eta 790 urteko espetxe-zigorra ezarri zieten. 2004ko uztailean, Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen zigor hori.
Epaiaren arabera, Santiago Arrospidek agindu zuen Hipercorreko merkataritza-guneari eraso egitea, eta Caride Simonek gauzatu zuen atentatua, ETAren ‘Bartzelona taldea’ren buru zela, ETAko beste bi kideren laguntzarekin.
Beste bi kide horiek Domingo Troitiño eta Josefa Ernaga Esnoz izan ziren. 1989an zigortu zituen Auzitegi Nazionalak, 794 urteko kartzela-zigorra ezarrita, aipatu atentatuan parte hartzeagatik.
ETAko kideen itzulera
Beste herrialde batzuetan errefuxiatu gisa bizi diren ETAko kideen itzulerari buruz ere aritu da Barne ministroa, ekitaldiaren ondoren kazetariei egin dizkien adierazpenetan. Jorge Fernandez Diazek gogoratu du Justiziarekin eta Poliziarekin argitu gabeko edo bete gabeko konturik ez duten ETAko kideak ''askatasun osoz'' itzul daitezkeela. Argitzeke dauden kontuak dituztenek, aldiz, agintarien aurrean erantzun beharko dutela esan du. ''Hemen ez dago inongo puntu eta bukaerarik'', gaineratu du.Biktimen eta presoen arteko bilerak
Hipercorreko atentatuko biktimetako bat erasoaren egileetako batekin bildu zen joan den astean. Protagonistak Robert Manrique eta Rafael Caride Simon izan dira. Duela urtebete inguru gutuna igorri zion presoak Manriqueri eta joan den ostiralean Zaballako espetxean (Gasteiz) elkartu ziren biak.