Politika -

Biografia

Rodolfo Ares, euskal sozialistei lotutako politikaria

1954an jaioa, PSE-EE alderdiari lotuta egon zen gaztetatik bere ibilbide politikoa. Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen, Bizkaiko Batzar Nagusietako diputatua, legebiltzarkidea eta baita Herrizaingo sailburua ere.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. Argazkia: EFE
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Taboada politikaria (1954 -2023) Ourensen jaio zen eta haurra zela iritsi zen Bilboko Otxarkoaga auzora bere familiarekin. Ezkonduta zegoen eta bi seme zituen. Gaztea zela afiliatu zen UGT sindikatura eta PSOE alderdira. Industria maisu ikasketak egin zituen baina goiz sartu zen politikan.

Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen 1983 eta 1990 artean eta urte horretan Bizkaiko Foru Aldundira joan zen, bertan ahaldun nagusiorde eta Hirigintza eta Ingurumen diputatu karguak izan zituela. 1991n bere aulkia utzi zuen Bilboko udal hauteskundeetan bere burua PSE-EEko alkategai aurkezteko. Sozialisten udal bozeramailea zela (1991-1994) Bilbao Ria 2000 enpresa publikoaren sorrera bultzatu zuen.

1994an, Eusko Legebiltzarreko kidea hautatu zuten eta Euskal Sozialistak Legebiltzar taldeko bozeramailea izan zen 2000 eta 2005 artean. 2008an Exekuzio Batzorde Federaleko kide aukeratu zuen PSOEko Biltzarrak.

2007an Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ahozko epaiketa hasi zuen haren kontra (baita Patxi Lopez eta Juan Jose Ibarretxeren kontra ere) Batasunarekin biltzeagatik desobedientzia delitua egotzita. Auzia bertan behera geratu zen, ez baitzegoen ez akusazio partikularrik ezta fiskalarena ere.

2009ko hauteskundeetan, PSE-EEk Lehendakaritzara iristea lortu zuen, eta Ares Herrizaingo sailburu izendatu zuten. Urteotan ETAren jarduera armatuaren amaierari egin behar izan dio aurre. ETAk jarduera armatua utzi zuela iragarri eta gutxira, Aresek bizkartzain asko kendu zituen, eta horrek ezinegon handia sortu zuen biktimen eta ETAren mehatxupean bizi izan zirenen artean.

Bestalde, legegintzaldiaren lehenengo urteak euskal presoen aldeko argazkien eta kartelen polemikak markatu zituen. Irudiak kaleetatik kentzea erabakia zuen Eusko Jaurlaritzak. Horrek istiluak ekarri zituen Euskal Herriko txoko askora eta Ares kritiken jomugan egon zen.

Legegintzaldiaren azken urteetan, Aresek Bilboko Kukutza Gaztetxearen eraisteari egin behar izan zion aurre, eta kritika gogorrak jaso zituen Ertzaintzak eraikina husteko eta manifestazioetan izan zuen jarrera dela eta.

2012an, kargua utziko zuela eta EAEko hauteskundeetan buru-belarri jarriko dela iragarri zuen. Azken hilabete horietan polemikan egon zen Ares. Ertzaintzak Iñigo Cabacas Athletiken jarraitzailea hil zuen pilotakada bat jota partidu baten ostean, eta Ertzaintzaren burua den heinean, Ares egon da salaketa guztien jomugan.

Hala ere, hainbat urtez Eusko Legebiltzarrean eta PSE-EE alderdian lanean jarraitu zuen. Horrez gainera, Madrilen ere izan zituen zereginak. 2016an Pedro Sanchezen gertuko lantaldean aritu zen, bai kanpaina garaian, baita gobernua osatzeko ahaleginetan burutu ziren negoziazioetan ere. Urte horretako maiatzean Eusko Legebiltzarrean zuen aulkia utzi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Alderdi politikoak PSE-EE Bizkaia