Politika -
Bigarren bilera
Rajoy eta Urkullu ekainaren 26an bilduko dira
Gobernuko presidenteak eta EAJko buruak krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriei ta ETAren amaiera sendotzeko ekimenei buruz hitz egingo dute.
Erredakzioa
Elkarrizketan, krisi ekonomiko larriari aurre egiteko neurriei buruz arituko dira Rajoy eta Urkullu; izan ere, EAJko presidenteak gai horretan ahalik eta adostasun handiena eskatu du, PPk horren beharrik izan ez arren, gehiengo absolutua baitu.
Krisiari aurre egiteko hersturaz eta erreformez gain, ekonomia berrindartzeko neurriak ere beharrezkoak direla defendatu du Urkulluk.
Ekainaren 28an eta 29an Europar Batasunak finantza batasunari buruz Bruselan egingo duten kontseilura joan aurretik bilduko da Rajoy Urkullurekin.
Elkarrizketa horretako beste gaia ETAren amaiera sendotuko duen politika izango da. EAJk babestu egin du presoak birgizarteratzeko Gobernuaren plana, baina kritikatu egin du Barne Ministerioak ETAren mehatxuen ondorioz Euskaditik joan direnek Euskadin botoa ematea proposatu izana.