Politika -
Auzitegi Nazionala
D3M eta Askatasuna hautagaitzetako auzipetu guztiak absolbitu dituzte
Epaiak dio "idelogikoki ezker abertzaleari lotutako hautagaitza bateko kide izatea" ez dela nahikoa pertsona bat zigortzeko, eta auzipetuek beti "legearen baitan" jardun dutela azpimarratzen du.
Erredakzioa
Demokrazia 3 Milioi (D3M) eta Askatasuna hautagaitzen aurka irekitako prozesu judizialean auzipetutako guztiak errugabetzat jo ditu Auzitegi Nazionalak.
Kasu honetan 11 lagun egon dira auzipetuta: Amparo Lasheras, Arantza Urkaregi, Unai Berrostegieta, Hodei Egaña, Agurtzale Solaberrieta, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Zuriñe Zorrozua, José Antonio Munduate eta Xabier Isasa.
Auzitegi Gorenak legez kanpo utzitako D3M eta Askatasuneko hautagaitzetako auzipetuen aurka sei urte eta bost hilabeteko espetxe-zigorra eskatu zuen Fiskaltzak, ETAko kide zirela edo erakunde armatuari laguntza eman ziotela egotzita. Alabaina, horrelakorik frogatu ezin daitekeela ondorioztatu du Auzitegi Nazionalak.
Gaur jakinarazitako epaiaren arabera, “ideologikoki ezker abertzaleari lotutako hautagaitza bateko kide, ahaldun edo kontu-hartzaile izateak ez du berez legearen kontrako jarrera bat suposatzen, alderdi hori gerora legez kanpo geratu arren”.
Horrez gain, ondokoa ere azpimarratzen du ebazpenak: “Auzipetuek sistema politikoak eskaintzen duen espazio publikoan garatu dituzte euren ekintzak, agerian eta legearen baitan, klandestinitatetik eta pertsonen aurkako indarkeriatik aldenduta”.
Epaile batek boto partikularra eman du
Nicolas Poveda Auzitegi Nazionaleko epaileak boto partikularra eman du, auzipetuak zigortzearen alde, izan ere, "ETAren azpijoko zibilaren erakundeetako kide zirelako kondenatu zituzten, eta talde terroristaren proiektu zibila aurrera ateratzeko lanetan ari ziren", adierazi du.
Auzipetuen "itsukeria" aipatu du Povedak eta D3M eta Askatasuna legez kanpo uzteko Gorenak emandako epaian "ETAren beso zibila eratzeko eta hauteskundeetan parte hartzeko" sortu zirela esan zela ekarri du gogora.
"ETAren adarren kide direnak, ETArenak ere badira, horiek ETA direlako eratzen diren unetik bertatik", argudiatu du Povedak boto partikularrean. Akusatu guztiek "aktiboki legez kanpo utzitako alderdietan parte hartu" zutela adierazi du.
Herri Batasunaren estatutu "berberak" idatzi zituztela eta EHAK alderditik dirua jaso zutela aipatu du epaileak proba gisa.
Fiskaltzak bi kide absolbitu zituen
Fiskaltzak bi urte eta bi urte eta zazpi hilabete artean jaitsi zuen Askatasuneko eta D3Mko hamahiru kidetik hamaikarentzako zigor-eskaera, eta beste bi absolbitu zituen.
Horrela adierazi zuen Vicente Gonzalez Mota fiskalak azken ondorioen txostenaren azalpenean eta Fernando Antia Arabako Demokrazia 3 Milioiko ordezkaria eta Aitor Ligerzana absolbitu zituen.
Bestalde, fiskalak sei urte eta bost hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen Amparo Lasherasentzat (D3Mko bozeramailea) eta Arantza Urkaregirentzat, Elisabeth Zubiagarentzat, Iker Rodrigorentzat, Imanol Nietorentzat, Agurtzane Solabarrietarentzat, Hodei Egañarentzat, Unai Berrostegietarentzat eta Zuriñe Zorrozuarentzat ETAko kide izateagatik. Fiskalak hasiera batean bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen.
Bestalde, bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen Jose Antonio Munduate Askatasuneko presidentearentzat, eta Xabier Isasa idazkariarentzat, ETAri laguntzea egotzita. Hasiera batean zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuen.