Politika -
Gabonetako mezua
Felipe VI.a Espainiako erregeak batasuna defendatu eta erakundeak "higatzearen" arriskuaz ohartarazi du
Erakundeei eskatu die "interes orokorra" defendatzeko, "elkarlan leialarekin, Konstituzioa eta legeak errespetatuz, eta izan daitezela zintzotasun eta zuzentasun eredu".
agentziak | eitb media
Krisi instituzionala, zatiketa politikoa, Ukrainako gerra eta egoera ekonomikoa izan dira Felipe VI.a Espainiako erregeak Gabonetako mezuan, eman duen bederatzigarrenean, aipatu dituen gai nagusiak.
Felipe VI.ak ohartarazi duenez, "gizartea zatituta eta aurrez aurre dituen herri batek ez du aurrera egiten, ez ditu arazoak konpontzen, ez du konfiantzarik sortzen. Zatiketak ahuldu egiten ditu demokraziak; batasunak, berriz, indartu".
Horren harira, erakundeei eskatu die "interes orokorra" defendatzeko, "elkarlan leialarekin, Konstituzioa eta legeak errespetatuz, eta izan daitezela zintzotasun eta zuzentasun eredu".
"Espainiarrok denok batera jarraitu behar dugu etorkizuna erabakitzen. Gure demokrazia zaintzen, elkarbizitza babesten, erakundeak indartzen", gaineratu du.
Energia krisiaren ondorioz izan den prezioen gorakada orokorra ere izan du hizpide Felipe VI.ak: "Badaude familiak ezin diotenak egoera honi luzaroan eutsi, eta botere publikoen babesa behar dute".
Azkenik, Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren harira, azpimarratu du "estatuen subiranotasuna, lurralde osotasuna eta independentzia printzipio ukaezinak" direla.