Politika -
Justizia
Erreforma judiziala lege-proposamen batekin bideratzeko asmoa dute
Parlamentuko iturri sozialistek adierazi dutenez, une honetan beste talde politiko batzuekin hitz egiten ari dira lege-proposamen hori bultzatzeko. Lege-proposamen berri hori aste honetan bertan erregistratu daiteke.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuak dagoeneko aukeratu du Botere Judizialaren eta Konstituzionalaren legea erreformatzeko formula, berme-auzitegiak Zigor Kodearen aldaketaren bidez onartzea geldiarazi ondoren, eta Kongresuan sozialistek eta beste talde politiko batzuek bultzatutako lege-proposamen baten bidez egingo du.
Parlamentuko iturri sozialistek adierazi dutenez, une honetan beste talde politiko batzuekin hitz egiten ari dira lege-proposamen hori bultzatzeko. Proposamen horren edukia astelehenean Konstituzionalak geldiarazi zituen bi zuzenketak izango dira.
Zuzenketa horien bidez, alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian Konstituzionaleko magistratuak izendatzeko orduan hiru bosteneko gehiengoa kendu nahi da, eta, bestetik, berme-organoa bera aldatu nahi da oniritzia, hau da, magistratuei egiten zaien egokitasunaren azterketa kenduz, eta seigarrenen arabera eta ez herenen arabera berritzeko aukera eman.
Hori da Espainiako Gobernuak Botere Judizialaren blokeoa gainditzeko aurkitu duen bidea, PPrekin akordiorik lortu ez delako. Desadostasunak lau urte bete ditu jada, eta joan den udatik, Auzitegi Konstituzionalera hedatu da, gehiengo kontserbadorea nagusi den erakundera, alegia.
Lege-proposamen berri hori aste honetan bertan erregistratu daiteke, talde parlamentarioek akordioa ixten baldin badute. Iturri berdinen arabera, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondotik batasun handiagoa dute, ebazpena bidegabekeria izan dela uste baitute.
Irtenbidea bateragarria da Pedro Sanchezen inbestidura babestu zuten bazkideek proposatu dutenarekin, Konstituzionalak adostutako zuzenketen etena saihesteko, hala nola ERCk, EAJk eta EH Bilduk. Más Paísek, aldiz, aurrea hartu, eta astelehenean bertan erregistratu zuen bere kabuz Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoa erreformatzeko proposamena.
Bestalde, sozialistek uko egin diote gehiengoak jaisteari, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak Parlamentuan aukeratzeko, Podemosek eskatu bezala. Aukera hori baztertu egin dute, 2020an egindako saiakera Europako Batzordeak ez zuelako ondo hartu.