Politika -
JUSTIZIA
Sedizioaren eta diru publikoa bidegabe erabiltzearen aldaketari argi berdea eman dio Justizia Batzordeak
Hala, eta atzoko erabakiaren ondotik, Konstituzionalaren erreforma ez, baina gainontzeko neurriak bozkatu egingo dituzte ostegunean Senatuan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Senatuko Justizia Batzordeak sedizio delitua indargabetzen duen eta diru publikoa bidegabe erabiltzeari uko egiten dion lege-proposamena onartu du astearte honetan, baina Konstituzio Auzitegiaren erabakiari men eginez.
Hala, ostegunean azkenean ezingo da auzitegi konstituzionalaren berritzea ahalbidetzeko aldaketa bozkatu, bai, ordea, gainerako neurriak, hau da, sedizioaren eta diru publikoa bidegabe erabiltzearen aldaketa. Alderdi Sozialistaren eta Jeltzaleen gehiengoari esker erabaki du Senatuko Mahaiak zigor kodearen erreformari eustea.
Kongresuko Mahaiak, halaber, PPren babes-errekurtsoarekin irekitako prozeduran pertsonatzea erabaki du. Aldeko sei botorekin eta kontrako birekin, astearte honetako ohiko bileran, Mahaiak erabaki du alegazioak aurkeztuko dituela datozen egunetan.
Gauzak ondo bidean, beraz, Senatuak ostegun honetan amaituko du sedizio- eta bidegabeko eralgitze-delituaren erreforma, hori bai, Botere Judizialaren eta Konstituzionalaren legeen aldaketa kanpoan geratuko dira, auzitegi honek bertan behera utzi ondotik.
Zalantza dena da bi xedapen horiek baztertzeak araua Kongresura igortzera behartzen ote duen, behin betiko onar dezan.
Senatuko Mahaiak gaur goizean egindako bigarren bileraren ostean, Cristina Narbona Goi Ganberako presidenteordeak prentsaurrekoan azaldu du ezin duela ziurtzat jo osoko bilkurak hilaren 22an onartuko duen lege-proposamena, dagoeneko erretiratutako xedapenik gabe, Diputatuen Kongresura itzuli beharko den ala ez.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan duenez, Gobernu espainiarrak "men egiten dio" Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiari, baina gaineratu du Espainiako Gobernuak Konstituzionalean bertan eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian dauden blokeoen aurkako neurriak abiatuko dituela. Adierazpen instituzional batean, Sanchezek "lasaitasun" mezua eman dio gizarteari, baina, halaber, ohartarazpena egin du: "Demokraziak legea errespetatu behar du".