Politika -

Konstituzionalaren erabakia

Konstituzionalaren erabakiaren larriaz ohartarazi dute Gorteek eta Espainiako Gobernuak, beteko duten arren

Adierazpen instituzional bana egin dute Meritxel Batet eta Ander Gil Kongresuko zein Senatuko presidenteek, eta sistema demokratikoari egindako "kalte larriaz" oharra egin dute. Espainiako Gobernuaren iritziz, "ezin larriagoa" da ganberen jarduna geldiaraztea.

Batet, agerraldian. Argazkia: EFE
Batet, agerraldian.
Batet, agerraldian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak bart hartutako aurrekaririk gabeko erabakiak berehala ekarri du erreakzio soka luzea, berandu izanda ere (Konstituzionalaren ebazpena 22:30 bueltan ezagutarazi zuten). Hala, Espainiako Gorteetako (Senatua eta Kongresua) presidenteek eta Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak adierazpen instituzional bana egin dute erabakiaren larriaz ohartarazteko. Hori bai, denek ebazpena bete beteko duela azpimarratu dute.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) izendatzen dituen Auzitegi Konstituzionalerako bi hautagaiak aukeratzeko sistema aldatzeko bi zuzenketak bertan behera uztea agindu du Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak —aldeko sei boto eta kontrako bostekin—, PPk egindako eskaerari men eginda. Lehen aldia da, 40 urte baino gehiagoko historian, Konstituzionalak Espainiako Gorteetako eztabaida parlamentarioa eteten duena.

Meritxel Batet Kongresuko presidenteak azpimarratu duenez, behe ganberak bete egingo du Konstituzionalak agindutakoa, baina botere legegilearen autonomia defendatuko du "aurrekaririk gabeko" ebazpenaren aurrean. "Albait arinen, Parlamentuaren autonomia defendatzeko gure argudioak entzungo dituztela espero dugu", erantsi du.

"Gaurko (bart gaueko) erabakiarekin, ezein diputatuk babes helegitea aurkeztuta, posible izango da aginte legegilearen jarduna etetea. Jarduteko moduan egindako aldaketa horrek kezka larria eragiten digu, botere legegileak ondo funtziona dezan eta bere ahalmen konstituzionalak egikari ditzan", nabarmendu du.

Ildo beretik, Ander Gil Senatuko presidenteak ere agindua beteko duela hitzeman du, baina ondorioez ohartarazi. Horren iritzian, sistema demokratikoari "kalte larria" egin dio ebazpenak, eta "gure demokrazian, aurrekaririk gabeko Estatuko krisi instituzional baten atarian utzi gaitu denok".

Gilek estu hartu du PP (alderdi horrek jo zuen babes bila Auzitegi Konstituzionalera) eta auzitegia "modu arduragabean erabiltzea" egotzi dio. "Gaur gertatu denak biharko demokrazian ondorioak edukiko ditu", ohartarazi du. Dena dela, gaineratu du demokrazia "indartsua" dela, eta "krisi larri" hori ere gainditzeko moduan izango dela.

Ebazpena beteko duela berretsi ondotik, "autonomia parlamentarioa zaintzeko" bideak topatuko dituztela nabarmendu du.

Senatuak gaur erabakiko du erreformarekin zelan jardun

Hain justu, Senatuko Mahaiak bilera du goizean Zigor Kodearen erreformari eusten dion erabakitzeko. Izan ere, Konstituzionala berritzeko beharrezko gehiengoaren aldaketaz gain (hori da Auzitegiak geldiarazi duena) sedizio delitua kentzeko eta diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua aldatzeko erreformak ere badaude mahai gainean.

Batzarra 08:30ean zen hastekoa, baina Konstituzionalaren jakinarazpena ofizialki jaso zain behar du erakundeak.

Mahaiaren osaera ikusita (hiruna ordezkari dituzte PSOEk eta PPk), EAJk izango du giltza (kide bat du).

Espainiako Gobernua: "Erabakia ezin larriagoa da"

Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak ere agerraldi instituzionala egin du Konstituzionalaren erabakiari buruzko exekutiboaren iritzia emateko. Gogora ekarri duenez, "gure inguruko Europako herrialdeetan" inoiz ikusitako erabakia da, eta botere banaketari eragiten dio bete betean.

"Erabakia ezin larriagoa da. Espainiako Gobernuak ez du partekatzen aurrekaririk gabeko erabaki eta prozedura hori", azpimarratu du.

Bolaños, agerraldian.

"Legeak ez dio Konstituzionalari Gorteen jarduna geldiarazteko aukera ematen. Are gehiago, eskumen hori bazegokion, baina 1985ean indargabetu zuten, hain justu halako egoerak saihesteko. Saihestu nahi zen hori da gaur gertatu dena", deitoratu du.

Halaber, Konstituzionalak bere burua berritzeko aukerari muzin egin diola kritikatu du.

Unidas Podemosen izenean, Ione Belarra Eskubide sozialen ministroak esan du "politikaren, hedabideen eta justiziaren eskuinak demokraziari kolpea" eman diola.

Ifrentzuan, Alberto Nuñez Feijoo PPko burua pozik agertu da, eta "demokraziak irabazi" egin duela azpimarratu du. "Zuzenbide Estatuan, botere guztiak daude legearen menpe. Zarata eta presioen aurrean, Espainia eta erakundeak defendatzen jarraituko dugu, beldurrik gabe eta amore eman gabe, moderazioarekin eta arrazoiarekin", gaineratu du. Voxek eta Ciudadanosek ere erabakia txalotu dute.

Espainiako Gobernuaren inbestidura bazkideek (ERCk eta EAJk, besteak beste), bestalde, erabakia kritikatu dute, eta Más Paísek Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoa erreformatzeko ez legezko proposamena erregistratu du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak PNV-EAJ PSOE Ciudadanosi buruzko albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Espainiako Auzitegi Konstituzionala Vox alderdiaren azken ordukoa Senatua Espainia Oriol Junqueras albisteak BJKNari buruzko albisteak