Politika -
Polizia-operazioa
Lander Fernandez ETAko preso ohia atxilotu dute Erroman
Barne ministroak esan duenez, baliteke "beste hainbat herrialdetan" ere egitea atxiloketak "aurki".
Erredakzioa
Italiako Segurtasun Indarrek, Espainiako Poliziaren laguntzarekin, Lander Fernandez Arrinda ETAko preso ohia atxilotu dute Erroman (Italia), Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Hura atxilotzeko eta entregatzeko euroagindua onartu eta egun batera izan da atxiloketa Italiako hiriburuan.
Lander Fernandez bilbotarrak kartzela-zigorra bete zuen Frantzian. 2003ko azaroaren 18an atxilotu zuten, ETAko beste kide batekin batera, auto bat lapurtzera zihoazenean.
ETAko preso ohia talde terroristako kide izatea eta legez kanpo armak eta dokumentu faltsuak eramatea leporatuta zigortu zuten, besteak beste.
Zigorra beteta, Frantziatik kanporatu egin zuten 2008ko urtarrilaren 23an. Espainiako Estatuan libre geratu zen momentu horretan haren kontrako salaketarik ez zegoelako.
2008ko maiatzean ertzain batzuk Santutxun atxilotu zutela eta haiei laguntzeko mehatxatu eta kolpatu zutela salatu zuen.
Hurrengo urtean, 2009ko ekainaren 14an, Barajasen atxilotu zuten Venezuelatik bueltan. Kartzelan sartu zuten 2000n eta 2002an kale indarkeria ekintza batzuetan parte hartzea egotzita. Hala ere, uztailaren 3an libre geratu zen 40.000 euroko bermea ordainduta.
Dena dela, 2010eko urriaren 27an berriro ezarri zioten kartzela-zigorra, hiru urtekoa, Askatasunaren aldeko zozketa batzuk saltzeagatik ETAri laguntzea leporatuta.
Azken ebazpen hori, ordea, bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak 2011ko uztailean, eta Lander Fernandez absolbitu egin zuten.
Barne Ministerioa: "Baliteke beste hainbat herrialdetan egitea atxiloketak"
Atxiloketaren ostean, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi du balitekeela "beste hainbat herrialdetan" ere egitea atxiloketak "aurki".
Estatuko Segurtasun Indarren informazioen arabera, Frantzian ezkutatuta dauden ETAko kideak beste hainbat herrialdetara "ihes egiten" saiatzen ari dira, "Poliziaren presioaren ondorioz".
Kongresuan egindako adierazpenetan, ministroak ETAri "baldintzarik gabe" desegitea exijitzea eskatu die ezker abertzaleari eta presoei.
"Harrezkero, sakabanaketa kentzea aztertuko genuke", nabarmendu du.
Ezker abertzaleak atxiloketa kritikatu du
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko buruak Landez Fernandez ETAko ustezko kidea atxilotu izana salatu du, eta Jorge Fernandez Barne ministroa kritikatu du atxiloketa gehiago eman daitezkeela beste herrialdeetan esan duelako.