Politika -

Krisia Osakidetzan

Donostialdeko ESIko teknika bakar bat ere ez da Donostiatik kanpo eramango, Sagarduik zehaztu duenez

Oposizioak Osakidetzaren kudeaketa "iluna" eta "eredu bertikala" salatu ditu. Horiei erantzunez, lehendakariak Sagardui babestu, eta "arazoak" aitortu arren, esan du "hazkunde krisi bati" zor zaiola osasun zerbitzuaren egungo egoera.

Sagardui, bere erantzunean. EITB Media
Sagardui, bere erantzunean.
Sagarduik argi utzi du Donostiako Ospitaleak ez duela inolako zerbitzu edo teknikarik eramango kanpora

01:11

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostialdeko ESIan izandako dimisioak eta kargugabetzeak tarteko, Osakidetzan zabaldutako krisia Eusko Legebiltzarrera heldu da berriro. Oposizioko taldeek estu hartu dute Osasun Saila eta Jaurlaritza bera, eta "kudeaketa iluna" eta "gobernantza eredu bertikala" izatea egotzi diote Osakidetzari.

Kritiken aurrean, lehendakariak erabat babestu du Gotzone Sagardui, eta ezeztatu du Osakidetzan "krisi larria" dagoela. Sagarduik, bere aldetik, nabarmendu du Donostialdeko ESIan egondako dimisio eta kargugabetzeek osasun arretari ez diotela eragin: "Normaltasun osoz eta betiko kalitatearekin lan egin dugu".

Javier Telleriak legebiltzarkide jeltzaleak egindako lehen galderari erantzunez, Gotzone Sagardui sailburuak azpimarratu du, "esan denaren kontrara, Donostialdeko ESIko teknika bakar bat ere ez da Donostiatik kanpo eramango".

Hala, agerraldia hainbat iragarpen egiteko baliatu du sailburuak. Azaldu duenez, Donostiako Ospitalea CART-T teknika aurreratua aplikatzen hasiko da aurki (hori egiten EAEko lehen erietxea izango da), eta Espainiako Osasun Sistema Nazionalak gaixotasun neuromuskularrak artatzeko erreferentziazko ospitalea izateko proposatu du. Gainera, EAEko lehen protonterapia unitatea bertan eraikiko dutela iragarri du. 

Sagarduiren hitzetan, kargugabetzeek eta dimisioek ez diote osasun arretari eragin, eta zehaztu du abian dagoen "errelebo prozesua laster" bukatuko dela.

Iñigo Urkullu lehendakariak, bestalde, berretsi du "konfiantza osoa" duela "Osakidetzaren kogobernantza ereduan eta Osasun sailburuarengan". Urkulluk "arazoak" egon direla aitortu du, eta besteak beste, pandemiak eragindako "tentsionatzea", mediku falta eta euskal gizartearen zahartzeak eragindako erronkak aipatu ditu. Nolanahi ere, horren ustez, "hazkunde krisi bati" zor zaio Euskal Osasun Zerbitzuaren egoera.

Lehendakaria, Sagarduiren hitzaldia jarraituz.

Oposizioak salatutako "krisi larririk" ez dagoela esan du beste behin lehendakariak, eta argitu du erakundeetan "maiz" egoten direla kargugabetzeak eta dimisioak. "Osakidetzaren eredua ez da aldatu; sarean lan egiten jarraitzen dugu", erantsi du. Mediku falta dagoela eta, "errealitate konplexu hori lasaitasunez onartzeko" deia egin du, eta azpimarratu du euren lehentasuna "Lehen Arreta indartzea eta profesionalen faltari aurre egitea" dela.

Sagarduiri buruz "balorazio oso positiboa" egin du Urkulluk, eta batez ere pandemian zehar egindako lana goraipatu du. Horren iritzian, garai horretako "exijentziei kalitate handiarekin erantzun zaio eta".

Oposizioaren kritikak

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailearen esanetan, Osakidetza "hankaz gora" dago, eta gogora ekarri du, Donostialdeko ESIaren gatazkaz gain, Basurtuko Ospitalean, Lehen Arretan, Larrialdi zerbitzuetan, Bidasoan edo Zumarragoko ospitalean ere protestak daudela. "Gobernantza eredu bertikal" batek eragin du egoera hori, Iriarteren ustez. Halaber, esan du Osakidetzako sindikatu guztiek salatu dutela negoziazio mahaian "horma baten kontra" jo dutela.

Bestalde, Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IU) gogora ekarri du Donostialdeko ESIko 47 zerbitzuburuetatik 42k egin dutela zuzendaritzaren erabakien kontra. "Nabarmena da erabakiak kontsentsurik gabe hartzen ari zaretela", salatu du.

Carlos Iturgaiz PP+Cs taldeko eledunak Sagarduiren dimisioa eskatu du, horrek egindako "kudeaketa piromanoaren" ondorioz "harribitxia zena (Osakidetza) imitazioko bitxi" bihurtzeagatik. "Sektarismo handia dago, gehiago entzun eta gehiagotan jesarri behar zarete", bota dio lehendakariari.

Azkenik, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak esan du Sagardui sailburu izatearen "arrazoi bakarra" Jaurlaritzak ganberan duen gehiengo osoa dela, eta gogora ekarri du Jon Darpon sailburu izandakoak "dimisioarekin ordaindu behar izan zuela 2018ko EPEan izandako irregulartasunen erantzukizuna, Gobernuari boto bat falta zitzaiolako". Martinezen aburuz, "Sagarduiren irregulartasun eta krisien zerrenda Darponena baino luzeagoa da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa PNV-EAJ Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak berriak Gizartea albisteak EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak Euskadiko PP Podemos Ahal Dugu Euskadi Sendagileen albisteak Donostia Unibertsitate Ospitalea